Kultur-arteko jaiarekin amaituko dira Immigrazio Jardunaldiak
Ermuko XIX. Immigrazio Jardunaldiek Kultur-Arteko Jaia ospatuko dute larunbat honetan, ekainak 8, Orbe Kardinala plazan. Festa 11:00etan hasiko da, eta egun osoan zehar herritar guztientzat moduko jarduerak izango ditugu gozagarri.
11:30ean jaiaren hasiera ekitaldia burutuko da herrien, pertsonen eta giza eskubideen Besarkadarekin. Jarraian, Durangoko Batukandrak girotuko du herriko plaza.
Eguerdian, haurrentzako jolasei ekingo zaie Antxitxiketanen eskutik, eta geroxeago, 12:15etik aurrera, Eibar Rugby Taldeak 8 eta 14 urte arteko haurrentzako jolasak antolatuko ditu kirol horretan oinarrituta.
Daa Re talde afrikarrak Magdalena Milanoren dantza afroamerikarrekin indarrak batuko ditu, eta biek batera eskainiko dute emanaldia 13:00etan. 14:30ean atsedenaldia egingo da, kulturarteko herri bazkarian indarrak berreskuratu ahal izateko. Bazkarian parte hartu ahal izateko, plazan salduko dira txartelak 5 euroren truke.
Arratsaldean, 15:45ean, La Cuchoteca de Chucho taldearen kunbia latinoek girotuko dute plaza, eta 16:30ean, Mustapha Agharvanek perkusio tailerra eskainiko du. 17:00etan kirolen txanda hasiko da, eta nazioarteko futbol txapelketa lehiatuko da.
Musikarekin amaituko da kultur-arteko jaia: 18:00etan Kumbancha Cubana taldearen emanaldia hasiko da, eta 19:30ean, aldiz, Kino Ait Idrissen Trio, Bba Rachid eta Nestor el Mapache talde berberea izango dugu eszenatoki gainean.
Gainera, egun osoan zehar, hennazko tatuajeak eta trentza afrikarrak egiteko, azkazalen margoketa kolonbiarra probatzeko, izena arabiarrez idazten ikasteko eta Ermuko ikastetxeetako neska-mutilek egindako marrazkien erakusketa ikusteko aukera izango da.
Ekintza guzti horiek Ermuko Nazioarteko Lankidetza eta Elkartasun Kontseiluak antolatu ditu, eta Udalaren, herriko ikastetxeen, Antxitxiketanen, Mudo-Drogoten eta Eibarko Rugby Taldearen babesa jaso du.
Lotutako albisteak

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan