San Juan Sua piztuko dugu igandean Ermuan

19.06.19
Kultura eta Gazteria

Bizkaiko Suhiltzaileek gomendio eta aholku gida argitaratu dute festak modu seguruan ospatzeko

Euskal Birusa elkarteak eta Txindurri Dantza eta Txistu Taldeak San Juan Suaren edizio berria antolatu dute igande honetarako, ekainak 23. Ekitaldia 22:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta gauerdira arte luzatuko den egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Urteko gaurik luzeena irrintzi lehiaketarekin hasiko da. Haur, gazte nahiz helduek parte hartu ahalko dute bertan, eta lehenengoek 15 eta 25 euroko sariak eta herriko jatetxe batean afaria eskuratzeko aukera izango dute.

22:30ean, Txindurrik sua piztu eta akelarrea antzeztuko du, eta jarraian San Juan eta Axuri Beltza abestuko dira horren inguruan. Gainera, 23:10ak arte eskaerak erretzeko parada izango dugu; izan ere, San Juan suak “augurio” txarrak uxatzen ditu, txarra dena erre eta desio onei bidea irekitzeko.

Eskaerak erre ostean, korru dantzak hasiko dira, eta gauerdian amaituko da jaia suzko zezenaren irteerarekin.

Antolatzaileek herritarren partaidetza eskatzen dute, haur eta gaztetxoengan arreta berezia jarri eta, istripuak ekidin ahal izateko, suarengana gehiegi gerturatzen utzi gabe. Gainera, eskaerak sutara txandaka eta errespetuz botatzeko deia luzatu dute.

Jaia segurtasunez ospatzeko aholkuak

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze Zerbitzuak informazio orriak eratu ditu San Juan gaua segurtasun osoz gozatu ahal izateko. Bizkaiko suhiltzaileen arabera, honakoak dira jarraitu beharreko pausoak:

  • Sua piztu aurretik:
    • Kokatu ezazu sua eraikinetatik, ibilgailuetatik, argindarraren aireko lineetatik eta landare altuetatik urrun, horietatik gutxienez egur-piloaren altuera baino bost aldiz distantzia gehiagora. Sutarako piloak ezin du 4 metro baino gehiagoko altuera izan.
    • Garbi eduki pilaketaren ingurua, erregairik gabe.
    • Lurra asfaltoa edo baldosa bada, hareazko edo lurrezko oinarria jarri.
    • Haizea oso indartsua bada, sua bertan behera uztea izan daiteke egokiena, gaua arriskurik gabe igarotzeko.
  • Sua piztuta dagoen bitartean:
    • Ez erabili alkohola eta gasolina bezalako likido sukoirik sua pizteko; papera, lasto lehorra, egur ezpalak edo barbakoa egiteko pastillak soilik.
    • Ez bota piroteknia elementurik sutara edo inguruan, ezta spray, lata, zabor, pneumatiko edo plastikorik ere, ke toxikoa sortu baitezakete.
    • Sua beti pertsona heldu batek gainbegiratuta egongo da, inoiz ere ez bakarrik.
    • Mangera bat, sua jotzekoak edo su-itzalgailu bat izan beti inguruan, badaezpada.
    • Jaia bukatzean egiaztatu ez dela geratzen txingarrik edo hausberorik. Horretarako, urarekin itzali eta hoztu edo hareaz zein lurraz estali.
  • Errez gero:
    • Erretako azala uraz busti berehala, gutxienez 15 bat minutuz.
    • Ez jarri pomada edo desinfektagarririk.
    • Erredura sakona edo handia bada, SOS Deiak 112 zenbakira deitu eta osasun zentrora jo, erretako gunea estali gabe utzita edo, gehienez ere, suero fisiologikoan bustitako gaza esteril batez estalita.

Bizkaiko Suhiltzaileen informazio orria

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
'Los perros' dantza ikuskizuna aurkeztuko Antzokian

‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu