Robotekin jolastu eta etxebizitza adimenduna diseinatu: gaztetxoentzako teknologia tailerrak

25.06.19
Ekonomi Sustapena

Teknologiarekin eta STEAM gaitasunekin -zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak- lotutako tailer eta programa ezberdinak antolatu ditu Ermuko Udaleko Toki-Garapen Alorrak. Ekimen guztiak 2005 eta 2009 urteen artean jaiotako neska-mutil ermuarrei zuzenduta daude, eta irailean hasiko dira.

Jarduera multzo honen helburu nagusia STEAM gaitasunen inguruko interesa piztea da haur eta gaztetxoen artean, modu praktiko eta dibertigarrian. Gainera, bereziki neskatoen artean alor horiekiko interesa indartu nahi da. Izan ere, inguruko enpresek gaitasun zientifikoetan trebatutako pertsonak eskatzen dituzte lanpostu ezberdinak betetzeko. Hori horrela, Ermuan urte asko daramatzagu STEAM gaitasunak bultzatzeko lanetan, neskato-mutikoak industriaren eta teknologiaren mundura era dibertigarrian gerturatuz.
Haur eta gaztetxoen oporraldia aprobetxatuz, hiru tailer ezberdin burutuko dira Izarra Centren iraileko lehenengo astean, goizez.

Gazte Robotika ekimena abian izango da aurten ere, Debabarreneko udalek eta Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziak babestutako robotika tailerrekin.

Doplay enpresak bi tailer eskainiko ditu, bakoitza bost saiokoa eta guztira 20 ordukoa. Saio horietan parte hartzen duten pertsonek taldean lan egin eta ikasi egingo dute, eta gainera teknologiaren bitartez ongi pasatuko dute, euren robotak eraiki eta programatuko baitituzte. Sortzen dituzten proiektuekin, parte-hartzaileek Euskadiko hirugarren Robotika Hezitzaile Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute irailaren 28an, Elgoibarren.

Tailerrak euskaraz emango dira irailaren 2tik 6ra bitartean, Izarra Centre eraikinean. 2005 eta 2009 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzenduta daude, eta matrikularen prezioa 30 eurokoa da. Aurre izen-ematea Gazte Robotikaren webgunean bete daiteke.

Bestalde, egun berdinetan, Mugarik gabe! Guztiontzako etxeen diseinua tailerra eskainiko du Elhuyarrek. Behar bereziak dituzten pertsonentzako etxe funtzionalak ardatz gisa hartuta, gazteek hainbat erronka gainditu beharko dituzte. Horretarako, modu ludiko batean STEAM gaietan trebatuko dira. Irudimena, eskulana, hausnarketa, talde-lana eta dibertsioa izango dira gako nagusiak. Saio horiek ere 2005 eta 2009 urteen artean jaiotakoei zuzenduta daude, eta matrikula 30 eurokoa izango da. Izen-emate orria hemen bete daiteke.

Bizilabe Ermua

Iraileko tailerrez gain, urrian Ermuko Bizilabe ekimen teknologikoa hasiko da. Gaztetxoentzako eskolaz gaindiko programa izango da, ikasturte osora luzatuko dena. Bizilaben, parte-hartzaileek nahi duten proiektu teknologikoa eraikitzeko aukera izango dute, arloko aditu eta profesionalen laguntzarekin.

Programa 2019ko urriaren 3an hasiko da, eta ostegunero burutuko da bi txandatan:

  • 11 eta 12 urtekoak: 17:00etatik 18:30era
  • 13 eta 14 urtekoak: 18:30etik 20:00etara

Parte-hartzaile bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu hilero, eta talde bakoitzean 15 pertsona onartuko dira gehienez. Izen-emate epea irailaren 16an amaituko da, eta eskabide-orria hemen bete daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren