2019ko txarangen arteko norgehiagokoei hasiera emango diete 'harraren' eta 'jatorrizko bekatuaren' jokoek
Egunak besterik ez zaizkigu falta ofizialki 2019ko Santixauei hasiera emateko eta, jada, Ermua jai giroan murgiltzen hasita dugu. Santiago Apostolua patroiaren omenezko festa egun nagusiak uztailaren 24tik 27ra bitartekoak izango badira ere, atzokoan hainbat ekitaldi izan genituen eta herriko jai nagusiko programak aurrera egingo du gaurkoan.
Santixauetako III. Padel Txapelketari hasiera emango zaio San Pelaioko pistetan, astelehen honetako 18:30etik aurrera. Astearekin batera hasiko dira, era berean, Txaranga Batzordeak antolatutako txarangen arteko joko ezagunak. 19:00etatik aurrera lehiatuko dira asteko lehenengo bi probak: harra eta jatorrizko bekatua.
Egunari amaiera emateko, D’Capricho bikote kubatarrak kontzertua eskainiko du 20:30etik aurrera Martxoak 8 plazan.
Gogorarazten dizuegu, bestalde, uztailaren 23a arte ikusgai izango dugula Patxi Jato herriko artistaren Paisajes poéticos argazki erakusketa. Lobiano Kultur Guneko erakusketa aretoan dago ikusgai egunero 18:00etatik 20:00etara.
Astearteko programaren aurrerapena
Biharkoan, Euskal Birusa taldeak antolaturiko haurrentzako discoteca izanen dugu, arratseko 5 eta erdietatik aurrera, martxoaren 8ko plazan.
III. Padel Txapelketak aurrera jarraituko eta partida gehiago jokatuko dira San Pelaioko pistetan, arratsaldeko 6 eta erdietatik aurrera.
Arratsaldeko 7etan, txaranga eta koadrilen arteko jokoek aurrera egingo, kasu honetan, triatloia proba eta soka-tirako sailkapen probak izanik.
Egunari bukaera emango dio bertso jaialdiak, zeian gaueko hamar eta erdietatik aurrera martxoaren 8ko plazan jokatuko den. Ekitaldia Beba-beheko bertso eskolak antolatu du eta kantatzen arituko dira Joanes Illarregi, Josune Aramendi, Ane Zuazubiskar, Aratz Igarzabal, Xabat Galletebeitia eta Amaia Iturriotz. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Unai Rodriguez ermuarra izango dugu.
Ikus ezazu 2019ko Santixauetako egitarau osoa lasterbide honen gainean eraginez.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude