Elkarrizketa filosofiko tailerrean izena emateko epea zabalik
Ermuko Udal liburutegian elkarrizketa filosofiko tailerra antolatu du bigarren urtez jarraian. Mundua ikuspegi kritikotik birpentsatzeko gunea da, eta bertan, oinarrizko galderak eginez, pentsaera landuko da.
Filosofia bizitza osorako praktika gisa sortu zen mendebaldeko pentsaeraren historian. Tailer honetan, praktika hori berreskuratu eta, elkarrizketa filosofikoen bitartez, pentsaera kritikoa eta sormena garatu eta gure bizitza eta bizi dugun errealitatea ulertzeko berebizikotzat hartzen ditugun elementuak ulertuko dira.
Filosofiaren praktika era ludiko batean esperimentatzea, gaitasunak eta gogoeta egiteko joerak hobetzea beste pertsona batzuekin batera, eta pertsonen interesa erakartzen dituzten izaera filosofikoko gai ezberdinak aztertzea dira ikastaroaren helburuak.
Tailerra urritik abendura bitartean garatuko da, hilean ostegun batean, 19:00etatik 20:30era Lobiano Kultur Guneko Ikus-Entzunezkoen gelan. Aurreikusitako datak urriaren 3a, azaroaren 7a eta abenduaren 12a dira.
Pedagogian, ekologian eta filosofian aditua den Miren Camisonek emango du ikastaroa. Mota honetako tailerrak ematen ditu Donostiako Tabakaleran eta beste hainbat liburutegitan.
Ekimena doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, irailaren 27a baino lehen izena eman beharko da liburutegian, 943 17 92 12 telefono zenbakian edo biblioteca@udalermua.net helbide elektronikoan, izen-abizenak, liburutegiko bazkide zenbakia, telefonoa eta e-posta emanez.
Plaza baino interesatu gehiago izatekotan, tokiak zozketa bidez esleituko dira, eta Ermuan erroldatutakoek lehentasuna izango dute.
Onartuen zerrenda urriaren 2an, asteazkena, argitaratuko da liburutegiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean