Berdintasun Kontseiluak jarduerari berrekingo dio asteazkenean
Ermuko Udal Berdintasun Kontseiluak udako oporraldiaren osteko lehenengo bilera egingo du asteazken honetan, irailak 25. Gainera, agintaldi politiko berri honetako lehenengoa izango da. 17:00etan hasiko da bilera Emakumeen Topalekuan, eta parte hartuko dute pertsona eta erakundeak aurkeztu, ongi etorria eman eta funtzionatzeko modua azaltzeko baliagarria izango da.
Emakumeen Kontseilu izenez ere ezagutzen den taldea urtean zehar hilero bildu ohi da, normalean asteazkenez, 17:00etatik 19:00etara. Lantzen diren gaiak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotutakoak dira, edozein arlotakoak direla ere, bizitzako atal guztietan eragina duen gaia baita. Informazio anitza eskaintzen da, jarduerak koordinatzen dira, eztabaidak plazaratzen dira, lankidetzako ekimenak proposatzen dira, eta abar.
Kontseiluak elkarteen, emakume taldeen eta entitateen bitartez emakumeen parte-hartzea bultzatzen du herriaren garapen politiko, sozial, lan-arloko, ekonomiko eta kulturala sustatzeko. Gainera, pertsonen arteko berdintasunaren baloreak zabaltzen ditu, eta emakumeen eskubideak eta interesak defendatzen ditu, euren arteko bat-egiteak babestuz.
Bilerak irekiak dira, baina horien garapen egokia erraztu asmoz, komenigarria da topaketetara nor joango den baieztatzea eta zein erakunde bertaratuko diren zehaztea. Era berean, harremanetarako datuak uztea gomendatzen da, deialdien berri izateko.
Urte osoan zehar parte hartzea litzateke egokiena, baina posible da saio batzuetara bakarrik gerturatzea. Parte hartzeko interesa duten emakume guztiek bat egin dezakete Kontseiluarekin, eta edozein gairi buruz euren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Informazio gehiagorako, jo Emakumeen Topalekura.
EAEko lehenengo ekimena
Ermuko Udal Berdintasun Kontseilua 1991. urtean sortu zen, eta Euskal Autonomi Erkidegoko mota horretako lehenengoa izan zen. Harrezkero, modu finkoan biltzen da, eta herriko emakumeen taldeen eta elkarteen ordezkariek parte hartzen dute. Bertan izaten dira, era berean, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko interes pertsonala duten emakumeak eta, mistoak izan arren, berdintasunaren arloan lan egiten duten elkarteetako emakumeak.
Gainera, Kontseiluak sentsibilizazio jarduerak eta kanpainak bultzatzen ditu herrian, esaterako, Emakumeen Nazioarteko Egunean (martxoak 8) eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean (azaroak 25).
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan