Behin-behineko 2019-2020 egutegia aurkeztu du Aitor Hernandezek
Aitor Hernandez txirrindulari ermuarra ziklokross modalitatean lehiatuko da beste behin 2019-2020 denboraldian ere, Specialized Bicycles eta Ermua Innpulsoren babesarekin. Herriko kirolariak, birritan Ziklokrosseko Espainiako Txapelduna izan ostean, “ilusioz, gogotsu eta energiaz beteta” egingo die aurre aurtengo kanpainako erronkei, denboraldia amaitu artean ahalik eta ondoen aritzeko.
Larunbat honetan, urriak 5, emango dio hasiera denboraldiari Hernandezek, Kantabriako Mijarojos / Carteseko Cartescross lasterketan. Nazioarteko lehenengo lehia urriaren 26an izango da Laudion, Araban; bertan hasiko da Espainiako Txapelketa, C1 UCI mailako probarekin.
Ermuarraren egutegia oraindik ez dago guztiz definituta denboraldiaren erditik aurrera, beraz, aurreikuspena aldatu egin daiteke eta azkenean lehiatuko den probak beste batzuk izan daitezke.
“Denboraldiaren prestaketa ona izan da, eta neguari aurre egiteko sasoian eta gogotsu sentitzen naiz. Urte zaila izango da, urtero maila altuagoa dela ikusten baitut eta lasterketak irabaztea gero eta neketsuagoa izaten delako, baina ahal den guztia egingo dugu proba guztietan lehiakide indartsuenekin batera aritzeko”, azaldu du Hernandezek. Gainera, babesle eta kolaboratzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, beste urte batez euren laguntza eskaintzeagatik: “Ziur nago momentu on asko izango ditugula denboraldi honetan”.
Aitor Hernandez Teamek Specialized Bicycles eta Ermua Innpulso ditu babesle nagusiak, eta NTS, Apr/Vagspeed Guipuzcoa, Verge Sport España, Holvans Kampers, Bobruc Oil, Elproex, Rotek, Seguros Zurich, Goldnutrition, Nagane, Decomesa, Romanelli Quiromasaje, ISB Sport, Agirre, JAM Design, Almacenes Arlo 2000, y JFJ Sport Management enpresen babesa jasotzen du.
Arlo teknikoari dagokionez, txirrindulari ermuarrak honako taldea izango du denboraldi honetarako: Javier Sanchez, Jose Luis Holguin eta Iker del Canto laguntzaile eta mekanikariak; Iker Lopez eta Ramon Fernandez prestatzaile fisikoak; Jose Romanelli kiromasajista; eta Jon Hernandez eta Marcos Marin komunikazio eta prentsa atalean.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da