Gaztetxoentzako irakurketa klubetarako izen-emate epea zabalik
Ermuko Udal liburutegiak zabalik dauka 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzako 2 irakurketa klubetan parte hartzeko izen-emate epea.
Papereko irakurketa
Bi klub horietako lehenengoaren helburua euskaraz nahiz gaztelaniaz irakurtzea atsegin duten lagun taldea sortzea da. Ipuinak, komikiak, olerkiak eta istorioak irakurriko dira, eta ondoren guztien artean komentatuko dira. Gainera, sormenarekin eta literaturarekin zerikusia duten beste hainbat ekintza burutuko dira.
Onintze Goitiz idazle bilbotarrak gidatuko du ekimena, eta urritik abendura bitartean hiru saio burutuko dira, hilero asteazken batean. Lobiano Kultur Gunean izango dira saioak, 17:30etik 18:30era, eta aurreikusitako datak urriaren 16a, azaroaren 13a eta abenduaren 11 dira.
Urte amaierara arte honako irakurgaiak izango dituzte parte-hartzaileek: BeKaren Txinara bidaia, Benjamin Lacomberen Melodia en la ciudad eta Juan Kruz Igerabideren Gregorio Katarrino.
Euskarri digitaleko irakurketa
Klub horretaz gain, liburutegiak gaztetxoentzako irakurketa talde digitala ere eskaintzen du. Adin tarte bereko neska-mutilei zuzenduta dago, 9 eta 11 urte artekoei, hain zuzen, eta helburu nagusiak sormena, autokontrola, autoestimua, enpatia, gaitasun sozialak eta batez ere automotibazioa bizkortzea eta sendotzea dira. Horretarako, irakurketa aktiboa eta sormen dinamikak erabiliko dira, eta betiko jarduerak eta teknologia berrienak uztartuko dira.
Parte-hartzaileek liburutegiak eskainitako tablet bana izango dute eskura saioetan, ekintza desberdinak burutu ahal izateko. Askotariko ipuinak eta esperientziak izango dituzte bidaide, eta modu zabalean landuko da irakurketa -testuala eta ikus-entzunezkoa-, istorioek izan dezaketen magia eraberritzeko eta suspertzeko.
Irakurketa klub digitala ere urritik abendura bitartean burutuko da, hilean larunbat batean, Lobiano Kultur Gunean. Aurreikusitako datak urriaren 19a, azaroaren 9a eta abenduaren 14a dira, 10:30etik 12:00etara. Fernando Morillo idazleak gidatuko ditu saioak.
Izen-emateak
Bi ekintza horietan parte hartu ahal izateko, urriaren 11 baino lehen izena eman beharko da liburutegian, 943 17 92 12 telefono zenbakian edo biblioteca@udalermua.net helbide elektronikoan, izen-abizenak, liburutegiko bazkide zenbakia, jaiotze-data, telefonoa, ikastetxea eta gurasoen e-maila eskainita.
Plazak mugatuak dira, beraz, eskaera gehiago jasotzen badira, tokiak zozketa bidez esleituko dira. Kasu horretan, lehentasuna izango dute Ermuan erroldatutakoek eta aurreko ikasturtean ekintza horietan parte hartu ez zutenek.
Onartutakoen zerrenda urriaren 15ean, asteartea, argitaratuko da liburutegiaren mikrositean.
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean