Aitor Hernandezek emaitza onak eskuratu ditu Urduñan eta Fresno de Rodillan

14.10.19
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulari ermuarra (Specialized – Ermua Innpulso) bi lasterketatan lehiatu da pasatu berri den asteburuan, eta bigarren eta bosgarren postuak ekarri ditu etxera.

Larunbatean, hilak 12, Urduñako zirkuitu lehorraren gainean eman zion hasiera Hernandezek Euskadiko txapelketari. Kirolari ermuarrak bigarren postuan amaitu zuen proba, Ismael Estebanen atzetik. Euskadiko denboraldiko lehenengo lasterketa honetan, Hernandezek Verge Sporten ekipazio berria estreinatu du, kolore urdin eta berde argiak nagusi dituela.

Lasterketako lehenengo itzulietan, Aitor Hernandez buru jarri zen, baina proba erdialdera, Ismael Estebanek aurrea hartu zion eta bakarrik iritsi zen garaipeneraino.

“Lasterketa ona izan dela uste dut, gainera soinean kolore berriekin. Gogotsu atera naiz, eta hala erakutsi dut irteeran, lehenengo postuan jarri naizenean. Proba oso gogorra iruditu zait, ordea: zirkuitua oso lehor zegoen, bizikletak bote asko egiten zituen eta, gainera, egun osoan zehar itotzeko moduko beroa egin du”, azaldu zuen Hernandezek podiumeko bigarren postura igo ostean.

Igandean, txirrindulari ermuarrak bosgarren postua eskuratu zuen Burgosko Aldundiaren Txapelketako lehenengo proban, Fresno de Rodillan.

Urduñan jarraitutako estrategia berbera errepikatu zuen Hernandezek, hasieratik indartsu irtenda lehenengo postuen bila. Burgosko zirkuituari bigarren itzulia ematen ari zela, erorikoa izan zuen, eta ezin izan zuen lasterketa buru zihoan hirukotearen erritmoa jarraitu. Azkenean, Ismael Esteban izan zen garaile.

“Irteera ona izan dela uste dut, baina bigarren itzulian erori egin nahiz eta lehenengo hirukoteak alde handia atera dit. Gaurkoan ere, zirkuitua oso azkarra eta okerra izan da, eta haize zakarrak asko zaildu du proba. Gogor lan egin behar dut hobetzen jarraitzeko, eta ilusio handia dut datorren asteko lasterketetan parte hartzeko”, adierazi zuen proba amaitu ostean.

Asteburu honetan, Fresno de Rodillarekin batera Burgosko Aldundiaren Txapelketa osatzen duten beste bi lasterketetan lehiatuko da Aitor Hernandez. Larunbatean, Medina de Pomarreko ziklokrossa izango du jomuga, eta igandean, aldiz, Villarcayokoa.

Lotutako albisteak

Imagen
30.05.25
Betiondoko igerilekua prestatzeko lanetan, laster irekiko baita

Bainu denboraldia eta instalazioa ekainaren 14tik irailaren 14ra zabalik izango dira
Imagen
28.05.25
Ermua Kirolak-ek web atal berria estreinatu du

Gaurtik aurrera webgune korporatibo honen barne jasoko da Kirol Alorraren inguruko informazio guztia
Imagen
27.05.25
XVI. Aizkolari lehiaketa egingo da igandean plazan

Udal kirol alorrak antolatuta, Orbe Kardinalaren plazan eguerdiko 12:30etan