Nagusilan Debabarrenak jasoko du Gure Balioak 2019 saria, adineko pertsonekiko duen konpromisoagatik

18.10.19
Gizartea

Nagusilan Eibar, Elgoibar, Ermua, Soraluze, Mutriku eta Debako elkarteek jasoko dute aurten Gure Balioak saria, bakardade egoeran dauden adineko pertsonekin egiten duten boluntario lanagatik. Debabarrenako elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza lanean, adineko pertsonei lagunduz, babesa emanez eta animatuz. Egun, 300 pertsona baino gehiagorengana iristen da.

Debabarrena eskualdeko gizarte, enpresa eta hezkuntza arloko bederatzi lagunek osatu dute epaimahaia, eta elkartearen “izaera altruista eta erantzukizun sozialeko printzipioa” goraipatu dute: “Boluntarioen elkartasunik, eskuzabaltasunik, konpromisorik eta inplikaziorik gabe, ezinezkoa litzateke horrelako lana egitea”.

Bakarrik dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko partaidetza aktiboa sustatzen du Nagusilan Debabarrenak. Elkartea batez ere adineko boluntarioek osatzen dute, eta euren denbora eta ezagutza balioan jartzen dute adineko beste pertsonen behar afektibo eta sozialei erantzuteko. Egun, Nagusilanek banakako zein taldeko konpainia eta laguntza eskaintzen ditu, gehienbat, eguneko zentro eta adinekoen egoitzetan. Elkartearen eguneroko jardueren artean daude, besteak beste, txangoak eta irteerak antolatzea, mahai-jokoetan parte hartzea, administrazio izapideak kudeatzen laguntzea, bingoan jolastea edo zailtasunak dituztenei irakurtzen laguntzea.

Gure Balioak sarien hamargarren edizio honetan, lehenengo aldiz irabazlea elkarte bat izan da. Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak 2010ean sortu zuen ekimena, eta Debabarrenan gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona -edo elkartea- publikoki aitortzea du helburu. Eskualdean bereizgarri diren eta sariak sustatu nahi dituen balioak ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea dira.

Gure Balioak saria datorren azaroaren 14an, osteguna, banatuko da Eibarko Coliseo Antzokian, 19:00etan. Aurtengoan ere DanobatGroup enpresaren laguntza izango du ekitaldiak, Eibarko Udalarekin batera. Sari banaketa ekitaldia irekia izango da gerturatu nahi duten guztientzat.

Nagusilani buruz

Eskualdeko eta Euskadiko aldaketa demografiko eta sozialen ondorioz, 65 urtetik gorako pertsonen ehunekoa 0 eta 19 urte artekoena baino handiagoa da jada. Testuinguru berri horri erantzuna emateko sortu zen Nagusilan 1995ean Donostian, Estatu Batuetako The Retired and Senior Voluntary Programme adinekoen boluntariotza soziala oinarri hartuta. Urtebete geroago abian jarri zen Nagusilan Eibar, eskualdeko lehenengo elkartea, eta jarraian etorri ziren beste guztiak. Irabazi asmorik gabeko boluntariotza elkartea da, apolitikoa, akonfesionala, demokratikoa eta humanista, hirugarren adinekoen bizi-kalitatea hobetzea xede duena.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean