Euriak ez du gelditu aurtengo elkartasun martxa arrakastatsua
Milaka pertsonak bete dituzte Ermuko kaleak igande honetan, Minbiziaren Aurkako Elkartasun Martxaren V. edizioan. Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearen (AECC) herriko Toki Batzordeak antolatu du aurtengoan ere jada ezagun egin den ekimena, eta 3.000 pertsonatik gora izan dira bertan.
Eguraldiak ez du lagundu aurtengo edizioan, baina hala ere, adin guztietako herritarrek egin dute bat martxarekin, aterkiaz lagunduta, gaixotasunaren aurkako konpromisoa eta elkartasuna erakusteko. Marea hori eta grisak herriko kale nagusiak igaro ditu 11:00etatik aurrera, Zubiaurretik hasi eta, 3.400 metro egin ostean, Orbe Kardinala plazan amaituz. Bertan, antolatzaileek telazko poltsak banatu dituzte, frutaz eta ur botilaz beteta.
Martxa amaitzean, Toki Batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzera animatu dien guztiei, eta txeke sinbolikoa entregatu diote Mohadasse Hamidi Hamidi doktore eta ikertzaileari. Egun, prostatako minbizia ikertzen dihardu Hamidik, E2F-TK1 ardatza gobernatzen duen gailua minbiziaren terapian jomuga izeneko proiektuarekin. Izan ere, elkartasun martxa horren helburua minbiziaren gaixotasuna ikertu ahal izateko dirua biltzea da, eta aurtengo edizioan dortsalen salmentarekin jaso den guztia proiektu hori finantzatzeko erabiliko da.
Jaiari bukaera emateko, parte hartu duten pertsona guztien artean zozketak egin dira. Horretarako, dortsaletako zenbakiak erabili dira.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean