Transgeneroei eta LGTBIQ eskubideei buruzko ikastaroa eta zine-foruma

29.10.19
Gizartea

Lagun Artean-Entreamigos GGKEak bi jarduera antolatu ditu aste honetarako gure udalerrian, pertsona transgeneroen eta LGTBIQ eskubideen inguruan.

Bihar asteazkena, urriak 30, Pentsamos formazio ikastaroa eskainiko da, Transgeneroak: gorputz ezberdinak, eskubide berdinak izenpean. Guatemalako OTRANS erakundeko Stacy Velásquez Vásquez guatemalarrak emango du tailer hau, eta bertan, proposatutako gaia ikuspegi orokor batekin jorratuko da, bere jaioterrian izandako bizipenak partekatuz. Parte-hartzaileek Guatemalako sexu- eta genero-identitatearen aldeko borrokei buruz hitz egiteko aukera izango dute, sexuaren, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen araberako gorroto-krimenen dramarekin lotuta.

Horretaz gain, bizitzak, gorputzak eta nahiak jorratuko dira ikastaroan, gizartearen eredu nagusiarekin hautsiz; azkenik, askotariko kolektiboen, tokikoen eta globalen arteko aliantzak ehunduko ditu, subjektu politiko gisa lan eginez eskubide kolektiboen aitortzan.

Ikastaroa 18:00etatik 21:00etara izango da Emakumeen Topagunean, eta izen-ematea doakoa da.

Hurrengo egunean, urriaren 31n, osteguna, zine-foruma izango dugu, eta bertan bi dokumental emango dira: Visibles elkartearen Raíces, historia del movimiento LGTBIQ en Guatemala, eta Desiguales de Plaza Pública proiektuko Ponete el pantalón, cortá tu pelo. Emanaldia 19:00etan hasiko da Lobiano Kultur Gunean eta Stacy Velásquez Vásquez izango da dinamizatzailea.

Guatemaltecas: voces de mujeres diversas que reclaman justicia proiektuaren barruan kokatzen dira prestakuntza-jarduera horiek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta. Ekimen horien helburua da herritarrak sentsibilizatzea Guatemalako nahiz munduko beste leku batzuetako askotariko emakumeen borroka eta aldarrikapenen inguruan, justizia aldarrikatzearen alde.

Pertsona guztientzat zabalik dauden bi jarduera, inolako bereizketarik gabe.

Lerro hauen azpian ikusgai dituzue jardueren kartelak.

Lotutako albisteak

Imagen
30.01.26
Imagen
30.01.26
Inauteriko programa prest, festa noiz iritsiko zain!

Ermua Inauteriak otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dira
Imagen
30.01.26
‘Bizkaia Adin Guztientzako Lurraldea' hausnarketa estrategikoan parte hartu du Ermuak

Tailer monografikoan egin da hausnarketa Urdulizko ‘Nagusi Intelligence Center' zentroan