San Martin Kulturala, euskarazko jarduerak hilabete osoan zehar
Ermuko San Martin azokak bere XXX. edizioa beteko du larunbat honetan, azaroaren 9an, eta Euskal Birusa elkarteak egun osorako hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurrena ospatzeko. Baina San Martin ez da egun nagusi horretako ospakizunekin amaituko, azaroan zehar hainbat kultur proposamen izango baititugu herrian.
Azaroaren 5ean, asteartea, taloak egiten ikasteko tailerra egingo da Malengo elkartean. 19:00etan hasiko da klasea, eta matrikulak 2 euroko prezioa du. Plazak mugatuak direnez, izena emateko 688 63 28 74 telefonora deitu beharko da.
Ostegunean, hilak 7, gazta dastaketa egingo da Lurpe elkartean, 19:30etik aurrera. Izen-ematea, beste behin, 688 63 28 74 telefono zenbakira deituta osatuko da.
Azaroaren 10ean, igandea, haurrentzako euskarazko zine saioa izango da Ermua Antzokian. Manou animaziozko zinta eskainiko da, kaio bikote batekin hazi den eta espezie horretakoa dela uste duen enara txiki baten istorioa. Proiekzioa 17:00etan hasiko da.
Astelehenean, hilak 11, Gaztañerre ospatuko dugu Merkatu Plazan 19:30etik aurrera afari autogestionatu batekin. AEK Kaltxangok eta Ermuko Berbalagunek antolatutako ekimen honetan gaztainak eta edariak banatuko dira doan, eta 23:30ak arte musikarekin dantza solteak egingo dira.
Urteroko bertso jaialdia azaroaren 15ean izango da Ermua Antzokian. Aurten Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Amets Arzallus izango ditugu bertsotan. Maite Berriozabal arduratuko da bertsolariei gaiak proposatzeaz 22:15ean hasiko den ekitaldian. Sarrerak 10 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, jaialdia hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.
Azaroaren 22an Alboka Musika Eskolaren eta Txindurri Dantza Taldearen txanda izango da, Ermua Antzokian 22:15ean hasiko den Santa Zezilia jaialdiarekin. Sarrerak ohiko lekuetan daude eskuragarri, 3 euroren truke.
San Martin Kulturalaren jarduerei amaiera emateko, ostiralean, hilak 29, Xake Taldearen Lur antzezlana izango da ikusgai. Emanaldia 20:00etan hasiko da Ermua Antzokian, eta sarrerak ohiko lekuetan daude eskuragarri 8 euroren truke.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik