Elkarretaratzea eta adierazpena emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunean
Mundu zabaleko hiri eta herriek –tarteko gurea– elkarretaratzeak eta jarduerak egingo ditugu gaur, azaroak 25, Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko eta edozein indarkeria matxista mota gaitzesteko. Horrez gain, berdintasunezko gizartea eraikitzeko apustua berresteko, hurkoarekiko errespetuan oinarrituta. Ermuko Udalbatzarrak azaroaren 25eko Erakunde Adierazpena onartu zuen joan den asteko osoko bilkuran, Eudelek -Euskal Udalen Elkarteak- idatzitako proposamena bere eginez. Adierazpen horren arabera, beharrezkoa da "arlo guztietan: prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia; biktimei eta bizirik atera direnei erreparazioa ematearen garrantzia azpimarratuz". Arratsaldeko 7etan jarduneko alkateak –alkate titularra kanpoan dagoelako- testu hori irakurriko du herriko plazan urtero bezala deitutako elkarretaratzean. Azaroaren 25erako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die erakundeak emakumeei.
Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna edo Genero-indarkeriarik Gabeko Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da azaroaren 25ean, mundu osoan pertsonen aurka eta generoagatik izaten den indarkeria eta diskriminazioa salatzeko, jokabide eta indarkeria hori desagerrarazteko herrialde guztietan politikak eskatuaz. Deialdia Latinoamerikako mugimendu feministak abiatu zuen Patria, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpak gogoratzeko, 1960ko azaroaren 25ean Dominikar Errepublikan preso hartu, torturatu eta erail baitzituzten Rafael Leonidas Trujilloren diktaduraren aurka egiteagatik. Aldarrikapen eta borroka egun hori eguna Nazio Batuen Batzar Nagusiak hartu zuen bere gain eta hedatu zuen 1999an.
Seinale berriak, argi moreak eta mezudun ezpainzapiak ostalaritzan
Aurtengo A25 kanpainaren barne lau bide-seinale berri jarri ziren ostiralean gure herrian, non Ermua eraso matxisten aurka leloa irakurri daitekeen. Seinaleak Areitiotik herrirako jaitsieran, Izarra Centreko gunean eta Sallabenten eta Okin Zurin, herri gunera sartzeko bidean, kokatuko dira lau.
Horrez gain, Udalak milaka ezpainzapi banatu ditu herriko ostalaritza establezimenduen artean, “Ermua, eraso sexistarik gabeko herria. Zure papera funtsezkoa da” leloarekin. Horrekin batera, puntu morearen kartela ere banatu zaie dendari eta tabernariei.
Udaletxearen, Emakumearen Topagunearen eta Ermua Antzokiaren eraikinak morez edo lila kolorez argiztatuta egongo dira gaurkoan.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan