‘Nepal, 1000 kilometrotik gora mendi artean’ dokumentala eta hitzaldi-topaketa Izarra Centren
Nepali, mendiari eta bertako biztanleei buruzko hitzaldi-topaketa izango da ostegun honetan, hilak 28, Izarra Centreko auditorioan. Nepal, 1000 kilometrotik gora mendi artean izeneko jardunaldian, Raquel Garcia mendizale kantabriarra bere bidaiari buruz mintzatuko da, eta abentura horretan zehar grabatutako dokumentala erakutsiko du.
Torrelavegan jaio eta Suancesen bizi da Garcia, eta 1000 kilometro baino gehiago egin ditu oinez hiru hilabete baino gutxiagon, Nepaleko ekialdetik hasi eta mendebalderaino. Abentura horretan, herrialde horretako 8.000 metrotik gorako zortzi mendien itzaletik igaro da, hala nola, Kangchenjunga, Makalu, Everest, Lhotse, Cho Oyu, Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri.
Nepal, 1000 kilometrotik gora mendi artean kirol erronka moduan hasi zen, eta Himalaia oinez zeharkatu duen lehen emakume espainiarra bihurtu da Garcia horri esker. Azkenean, ordea, bidaia antropologikoa izan da, antzinako Nepalgo jendearekin, kulturarekin eta hezkuntzarekin elkarbizitzan aritu ostean.
Izarra Centreko topaketan erakutsiko den dokumentalean, Nepalen bizitako esperientzia agerian jarriko da, baita hango biztanleei egindako elkarrizketak eta horien testigantzak ere; gehienak emakumezkoak izango dira, eta euren egoerari, kulturari eta bertako gizarteari buruz mintzatuko dira.
Azpimarratzekoa da, era berean, ibilbidea osatu ahala, Garciak eta bere taldeak eskola materiala banatu zutela ikastetxe behartsuenen artean.
Ordu erdiko dokumentalaren emisioa eta hitzaldi-topaketa ostegun honetan, azaroak 28, 18:00etan hasiko dira. Sarrera librea eta doakoa da.
Lotutako albisteak

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude