Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Ermuak
Astearte honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu; gure hizkuntzaren eguna, mendez mende, egunez egun, bihotzetik bihotzera eta, batez ere, ezpainez ezpain jauzika datorrena.
Ermuko Udalak erakunde adierazpena onartu du euskarari erabateko babesa emateko. Euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko euskal gizarteak egindako bide luzea balioan jartzen du testuak. Era berean, gizartearen izaera eraldatzailea azpimarratzen du, horren eskutik izango baitu euskarak etorkizuna.
Iaz ospatutako Euskaraldia arrakastatsuari buruz ere mintzatzen da adierazpena, eta 2020. urterako bigarren edizioa aurkeztuko dela aurreratzen du, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ekintza ezberdinak antolatu dira herrian. Bihar, asteartea, urteroko Euskararen Eguneko gala izango dute herriko ikastetxeek Ermua Antzokian. Bertan, hainbat jolas eta karaokez gozatzeko aukera izango dute ikasleek, eta gainera, Juanita Ibaibarriaga literatur sariak banatuko dira.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Ermuan Bagara Ermuko Euskaltzaleen Sareak ekitaldia egingo du Patxi plazan. Jarduera horretan, iazko Euskaraldian bizi izandako esperientziak azalduko dituzte, eta datorren urteko Euskaraldirako dituzten desioak adieraziko dira bertan. Hori guztia sare batean jarri eta segidan, egun honetarako Kike Amonarrizek idatzitako testua irakurriko da, hurrengo urteko Euskaraldian norbanakoei nahiz entitateei ere parte hartzeko deia luzatuz.
Lotutako albisteak

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte