AECCren toki-elkarteak Gabonetako mahai-apaingarrien VIII. lehiaketa deitu du
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Ermuko Toki-batzordeak Gabonetako Mahai-apaingarrien zortzigarren lehiaketa prestatu eta deitu du. Ermuko pertsona guztiek parte hartu dezakete ekimen honetan; lanak eraikitzeko erabilitako materialek 12 eurotik gora balio ez izatea eta gorostia ez erabiltzea dira bi baldintza bakarrak. Gorostia erabiliz gero, apaingarria lehiaketatik kanpo geldituko da, babesturiko landarea baita..
Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek Merkatu Plazan entregatu beharko dituzte euren lanak abenduaren 16an eta 17an, 10:30etik 12:30era edo 17:00etatik 19:30era, edo bestela abenduaren 18an, 10:30etik 13:30era.
Ermuko Udaleko ordezkariek eta merkatariek osatuko dute epaimahaia, eta abenduaren 18an, asteazkena, 18:00etan jakinaraziko dute erabakia. Jarraian sariak banatuko dira helduen kategorian hautatutako lau lanen eta 5-11 urte artekoen kategoriak aukeratutako hiru apaingarrien artean.
Ekimen honekin irabazi asmorik gabe lankidetzan aritzen diren Ermuko merkatariek eskainitako opari ezberdinak jasoko dituzte irabazleek. Gainera, parte-hartzaile guztien artean beste opari batzuk ere zozketatuko dira.
Lehiaketara aurkezten diren lan guztiak ikusgai izango dira Merkatu Plazan abenduaren 18an eta 19an, 10:30etik 12:30etara eta 17:00etik 19:30etara. Hala erabakitzen duten parte-hartzaileek antolatzaileen esku utzi ditzakete euren mahai-apaingarriak, horiek saldu ahal izateko. Salmentatik lortzen den diru guztia AECCk minbizia duten pertsonei eta euren familiei laguntzeko antolatzen dituen programa eta egitasmoak finantzatzeko erabiliko da.
Informazio gehiago lortzeko, ikus ezazu lehiaketaren oinarriak.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean