Bullyingaren aurkako doako formakuntza haurrentzat

28.01.20
Kirolak

Ermuko Udaleko Kirol zinegotzigoak eta Sonkei judo klubak bullyingari aurre egiteko formakuntza tailerrak antolatu dituzte gaztetxoentzat. Saioak otsailean eta martxoan burutuko dira, eta 5 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta daude.

Bullying ingelesezko hitzak “jazarpena” esan nahi du, eta eraso mota ezberdinen bitartez azaleratu daiteke:

  • Hitzezkoak: bakoitzaren itxura fisikoaren inguruko etengabeko irainak eta gutxiespeneko ezizenak.
  • Sozialak edo baztertzaileak: taldeak erasotuari eragiten dion isolamendua eta bazterketa, alboratuta uztea.
  • Psikologikoak: erasotua bere borondatearen aurkako ekintzak burutzera behartzea eta horiengatiko errua bere gain hartu behar izatea, jarduera horiek egin izanagatik.
  • Sexualak: biktimak bere sexu joera nahiz ezaugarrien tamainaren inguruko komentario desatseginak jasotzen ditu, eta baimenik gabeko ukitzeak, bere gorputzaren nahitaezko erakusketak edota sexu-bortxaketak ere jasan ditzake.
  • Fisikoak: biktimaren materiala zein arropa lapurtu eta suntsitzea, belarrondokoak eta zangotrabak, eta taldeko jipoiak.
  • Zibernetikoak: aurretik aipatutako edozein eraso motetako bat edo gehiago, grabatu eta sare sozialen zein mezularitza kanalen bitartez hedatzen denean.

Mintegi hauetan lantzen den metodologia zuzenean haurrei irakasten zaie, menpekotasuna izan dezaketen helduei erakutsi ordez. Parte hartzaileek edozein erasoren aurrean jokabide positiboaren bitartez aritzen eta jarduten ikasiko dute, eta horretarako, era erraz eta azkarrean barneratuko dituzten jarraibide argi eta zehatzak jasoko dituzte.

Era berean, indarkeriazko egoera horiei aurre egiten eta egoera horietatik erator daitezkeen gatazkak konpontzen ikasiko dute. Joko eta jarduera horiek ez dira erasokorrak edo bortitzak izango, baina transferentzia zuzena izango dute haiekin, beharrezkoa izanez gero.

Lan-taldeak

Ikastaroak otsaileko eta martxoko astelehen guztietan burutuko dira, eta parte-hartzaileak talde ezberdinetan banatuko dira:

  • 5 eta 8 urte artekoak (bi talde): 17:30etik 19:00etara.
  • 9 eta 12 urte artean (bi talde): 19:00etatik 20:30era.

Tailerrak bullyingaren aurkako gaietan, eskola jazarpenean eta haurren norbanako defentsan aditua eta tituluduna den irakasle batek eskainiko ditu.

Formazioaren aurkezpena eta izen-emateak

Ostiral honetan, urtarrilak 31, aurkezpena egingo da 19:00etan Lobiano Kultur Gunean, eta bertan, formakuntza tailer hauen inguruko informazioa eskainiko da.

Ikastaroetan parte hartzeko interesa duten pertsonek Aritzmendi pilotalekura joan beharko dute izena ematera, astearte eta ostegunetan, 17:30etik 21:00etara, edo judosunkei@hotmail.com helbide elektronikora mezua bidali. Formakuntza doakoa da, eta neska-mutilek kamiseta eta bizkarzorroa jasoko dituzte opari gisa.

Lotutako albisteak

Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik