Kaleko WiFi konexioa hiritar guztientzat zabalduko du Fibermuak

30.01.20
Ekonomi Sustapena

Ermuko Udalaren Promosa Sozietate Publikoak hobekuntzak burutu ditu WiFi Offload sarean. Horren bitartez, orain arte, Fibermua udal fibra optikoko sarean Esanlineren bitartez nabigatzen duten bezeroek Internetera sarbidea izan dute herriko kaleetan.

Zerbitzuaren berrikuntza nagusi gisa, otsailetik aurrera, Ermuko herritar guztiek kaleko WiFi konexioa erabiltzeko aukera izango dute, fibra optikoko bezero izan edo ez.

Orain arte, Esanline operadoreko bezeroek soilik erabili ahal izan dute zerbitzua. Gainera, sarritan konektatzeko zailtasunak izan dituzte WiFi sarearen identifikazio sistema eta pasahitz konplexuak direla eta.

Otsailetik aurrera, ordea, sarea hiritar guztientzat zabalik egongo da, eta egindako hobekuntzei esker, konektatzeko sistema errazagoa izango da.

Ermuko Udalaren WiFi Offload-era konektatzen saiatzen diren pertsonek bi sare topatuko dituzte. Batetik, Esanlinek bere bezeroentzat soilik eskaintzen duena agertuko da. Bertan, hainbat hobekuntza lan egin ostean, pasahitz errazagoak aurkituko dituzte eta, aldi berean, sarearen segurtasuna areagotu egin da. Konektatzen den dispositibo bakoitzak 5mb-ko abiadura izango du.

Bestetik, Fibermua izeneko sarea egongo da erabilgarri gainontzeko hiritar guztientzat. Sare horren abiadura 256kbps-etara mugatuta egongo da. Izan ere, legez ez dago baimenduta pertsona guztientzat zabalik eskaintzen diren sareek duten gaitasun osora aritzea. Beraz, nahi duen orok WiFi konexioa izan dezan, abiadura mugatuta egongo da.

WiFi estaldura 2017tik hiri-altzarietan – faroletan – eta eraikin publikoetan instalatuta dauden 32 sarbide-punturen bidez ematen da. Hain zuzen ere, Ermuko Offload modalitatearen eta kaleko beste WiFi sistema batzuen arteko alde nagusia da konexioa zuzenean enbor-sarearen edo sare matrizearen bidez eskaintzen dela, eta ez bezeroek beren etxeetan dituzten router edo ONTen bidez.

WiFi Offload zerbitzua erabili daitekeen guneak San Pelaio parkea, Orbe Kardinala plaza, Udal liburutegiko sarrerako aterpea, Goikoko eta Sallabenteko parkeak, Miguel Angel Blanco eta Betiondo kiroldegiak, San Lorenzo ikastetxeko patioa, Euskaldunberri plaza eta Zubiaurre kalea dira.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat