Tailerrak, bisitak eta irteerak euskaraz hitz eginez gozatzeko

02.03.20
Euskara

Ermuko Berbalagun ekimenak aurtengo ikasturterako prestatu duen jarduera egitaraua aurkeztu du. Tailer, irteera, bisita eta bestelako proposamenek osatzen dute programa, eta parte-hartzaileek euskara hutsean hitz egiteko aukera izango dute bertan. Kolektiboak eskerrak eman nahi izan dizkie euren ekarpen eta iradokizunekin agenda hori osatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonei, aukera eman baitie programa oso bat sortzeko, gustu guztietarako modukoa.

Bisitak

Datorren larunbatean, martxoak 14, bazkaria egingo dute Orioko Satxota sagardotegian, Gipuzkoan; horretarako autobusa antolatu dute. Bestalde, apirilean – oraindik zehazteke dago 27an edo 28an izango den – Durangoko planetariuma bisitatuko da.

Irteerak

Martxoaren 28rako, larunbaterako, mendira irteera "erraza eta gertukoa" antolatu dute. Horrela, parte-hartzaileak Karakate mendira igoko dira Soraluzetik abiatuta.

Ekainean, hilaren 15etik 19rako astean, hurbileko ibilaldia egingo da, eta bertan haurrekin parte hartzeko aukera izango da.

Tailerrak

Maiatzean bi tailer egingo dira: bata, xaboi naturalak egiten ikasteko -maiatzaren 6an, Eskilarapeko kultur etxean, 18:00etan-, eta bestea, defentsa pertsonalerako, hiru jardunalditan banatuta: maiatzaren 20an eta 27an, eta ekainaren 3an, Aritzmendi pilotalekuan, 19:00etatik 21:00etara.

Bestelako ekintzak

Aipatutako tailer eta txango horiez gain, Berbalagunek beste mota bateko ekimenak ere antolatzen ditu euskara praktikatzeko. Datorren apirilaren 29an, esaterako, Lagun Ezkutua ekitaldia egingo dute, programan parte hartzen duten pertsonak hobeto ezagutzeko. Bestalde, euskarazko pintxo-poteak ospatzen jarraituko dute martxoaren 26an eta maiatzaren 28an.

Elkarteak berbataldeak antolatzen ditu, era berean; euskara praktikatzen jarraitzeko topaketa informalak dira, eta taberna eta ikastetxeetan burutzen dira. Jarraian duzue agenda.

Egitaraua ekainaren 19an, ostiralean, Berbalagunen egingo den afari batekin amaituko da.

Izen-emateak zabalik

Antolakuntzatik adierazi dutenez, beharrezkoa da izena ematea jarduera hauetan parte hartu ahal izateko. Horretarako, ermua_berba@aek.eus helbidera mezua bidali edo 663 070 492 telefonora deitu daiteke. Izen-ematea ekitaldi bakoitza egin aurreko asteko astelehenetik aurrera egitea gomendatzen da, eta ez lehenago.

Gogorarazten da, halaber, jarduerak behin betikoak diren arren, datak alda daitezkeela antolaketa- edo kudeaketa-arrazoiengatik. Kasu horretan, behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaie parte-hartzaileei.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik