Hemen da Folkez Blai musika lehiaketaren edizio berria
Kultur jarduera stand by egoeran dago egun ezohiko hauetan. Datozen asteetako kontzertu, antzerki emanaldi, zinema saio eta erakusketa guztiak atzeratu edo bertan behera geratu dira, Covid-19 birusaren hedapenak eragindako osasun-alarma egoera dela eta. Aste bitxiak izango dira, baina Ermuko Udala dagoeneko hainbat ekimen antolatzen ari da, egoera normalizatu bezain laster gure udalerrian kulturaz berriz ere goza dezagun.
Horren harira, Kultura Alorrak Folkez Blai musika jaialdiaren hamabosgarren ediziorako oinarriak argitaratu berri ditu. Jada ezaguna den folk musika taldeen lehiaketak musika errotik sustatzea du helburu, eta modalitate hori jorratzen duten musika-kolektiboentzako hedapen-plataforma gisa balio izaten du, gainera.
Lehiaketa bi ataletan banatzen da: lehenengoan, parte hartu nahi duten taldeek euren lanak igortzen dituzte, eta onenak hautatzen dira. Bigarrengoan, aldiz, finalista gisa aukeratutako taldeek zuzenean aurkezten dituzte euren abestiak.
Lehenengo fasea hastear da jada: ostiral honetatik, martxoaren 20tik hasi eta maiatzaren 15era bitartean, Folkez Blain parte hartzeko interesa duten taldeek XV. edizioarekin bat egiteko eskaera bidaltzeko aukera izango dute. Baldintza gisa, beharrezkoa izango da taldeek folk musika jorratzea, estilo eta modalitate anitzetan, baita gehienez ere bi disko argitaratu izana ere.
Parte-hartzaileek lau abesti jasotzen dituen grabazio bat bidali beharko dute – gutxienez horietatik 2 originalak izan beharko dira –, baita taldeari buruzko informazioa ere: historia, argazkiak, helbidea, e-posta eta harremanetarako telefonoak. Hori guztia Kultura Alorrera bidali beharko da, gutunazal batean (Lobiano Kultur Gunea, Goienkale, 10. 48260 Ermua – Bizkaia) edota posta elektronikoz plopez@udalermua.net helbidera.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.
Zuzeneko musika eta sariak
Musika lehiaketaren bigarren fasea irailaren 11tik 13ra bitartean izango da, eta epaimahaiak finalista gisa hautatzen dituen sei taldeek parte hartuko dute bertan. Seirek ordubete inguruko zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte Orbe Kardinala plazan. Horrela, folk taldeak sustatzeko hasierako helburuari herritar guztiei guztion gustukoa izango den musika mota bat ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematea gehitzen zaio.
Herriko folk taldeetako kideek eta Udaleko ordezkari batek osatuko dute epaimahaia, eta irailaren 13an ezagutaraziko dute erabakia. Talde irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak, aldiz, 1.500 eurokoa. Lehenengo sailkatuak, gainera, Folkez Blai jaialdiaren hurrengo edizioan parte hartuko du gonbidatu gisa.
Sailkatuta suertatu arren sarituak izaten ez diren talde guztiek 400 euro jasoko dituzte, emanaldia egiteko Ermuraino etorri behar izanagatik laguntza moduan.
Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta ezazu ekitaldiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude