'El enemigo en tu cocina ', ermuar zaporea duen proiektu berria

08.04.20
Ekonomi Sustapena

Urtero gertatzen diren elikadura intoxikazio ugarien artean, erdiak gure etxeetan izaten dira. Orain, Covid-19 birusak eragindako egoera delikatu honetan, ez genuke osasun-zerbitzuetara jo behar neurri egokiak hartuta saihestu daitekeen honelako arrazoiengatik.

Konfinamendu une hauetan, gure etxeetan inoiz baino gehiago sukaldatzen ari gara, eta garbi izan behar dugu gure etxeetan zer arrisku sartzen diren erosten ditugun lehengaiekin batera, eta, batez ere, nola saihestu arazo horiek, intoxikaziorik gerta ez dadin.

Testuinguru horretan, El enemigo en tu cocina proiektu hezitzailea erosleei eta profesionalei informazioa emateko konpromisoarekin sortu da, elikagaien kontsumoak eragin ditzakeen arriskuak murrizteko. Hala, herritar guztiak kontzientziatu nahi ditu elikagaien segurtasunera bideratutako erosketa-, higiene- eta kontsumo-ohiturak mantentzeko beharraz.

Dibulgazio zientifikoko proiektu hau hainbat sektoretako profesionalek osatzen dute; ekimenaren sustatzaileetako bat Jon Basagoiti aholkulari, prestatzaile eta dibulgatzailea da. Basagoiti aspaldi hasi zen Izarra Centreko enpresa haztegian lanean, eta orain erronka liluragarri honetan murgildu da.

Elikagaiak modu seguruan prestatu, intoxikazioak ekiditeko

El enemigo en tu cocina uda baino lehen telebistan emititzeko sortua izan da, dokumental formatuan, baina Covid-19 birusaren ondorioak arintzeko jarduera sozialaren parentesia dela eta, emisioa atzeratu egingo da. Bitartean, bideoak Youtubeko kanalean eta proiektuaren webgunean ikus daitezke.

Bideo horietan, Jon Basagoitik hainbat aholku ematen ditu gure etxeetan elikadura-intoxikazioak saihesteko eta, horrela, osasun-arloko profesionalei lan gehigarririk ez emateko, zerbitzuak batez ere Covid-19aren pandemiaren ondorioei erantzuten ari diren une honetan.

Orain arte sortutako bost bideoak Europan intoxikazio gehien eragiten dituzten bakterien inguruan mintzatzen dira, eta elementu horiekiko lotura izan dezaketen elikagaietan. Honakoak dira:

  1. Campylobacter bakteria, oilaskoari lotu ohi dena
  2. Salmonella bakteria eta arrautzekin egindako produktuak
  3. E.coli bakteriaren STEC anduiak, behi-okelari lotuta daudenak
  4. Yersinia bakterioa, txerri haragian agertu daitekeena
  5. Listeria bakterioa, kontsumorako prest dauden elikagaietan egon daitekeena

Jaki horiek modu seguruan prestatuz, elikagai-intoxikazioak saihestu ahal izango ditugu. El enemigo en tu cocina saioko bideoek arriskuak ekiditeko jarraitu beharreko baldintzak eta jarraibideak eskaintzen dizkigute.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat