Tokiko merkataritza suspertzeko bonoak

30.04.20
Ekonomi Sustapena

20 euroko bonu bakoitzarekin 30 euroko erosketa egin ahal izango da udalerriko establezimenduetan

Covid-19 birusaren hedapenak krisi sanitario eta ekonomiko sakona eragin du gizarte osoan. Une zail honetan, oso garrantzitsua da gure ehun ekonomiko eta sozialarekiko konpromisoa eta babesa erakustea. Hori dela eta, Ermuko Udalak pandemiak tokiko merkataritzan dituen ondorio ekonomikoak arintzeko hainbat neurri jarri ditu martxan.

Neurri horietako bat da +10€ kanpaina. Horren bitartez, herritarrek 20 euroko erosketa-bonuak erosi ahal izango dituzte ekimenean parte hartzen duten dendetan 30 euro gastatzeko. Izan ere, bonu bakoitzeko 10 euro jarriko ditu Udalak tokiko erosketetan erabiltzeko.

Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu saltoki edo establezimendu bakoitzean eta, besteak beste, arrandegi, harategi, zapata-denda, arropa-denda, liburu-denda, lurrin-denda, ile-apaindegi eta estetika-zentroetan erabili ahal izango ditu.

Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduek kartel bat erakutsiko dute euren erakusleiho edo sarreretan, eta horietan bonuak erosi eta gastatu ahal izango dira. Horrela, saltokiek berriro ateak irekitzen dituztenean, bezeroak lokaletara joan ahal izango dira eta kanpaina honen onurak jaso ahal izango dituzte.

Ermuko Udalak hitzarmen bat sinatu du Ermuko Merkatari eta Ostalarien Elkartearekin (EMOE), 60.000 euroko aurrekontua duen kanpaina hau aurrera eraman ahal izateko. EMOEk berak kudeatuko ditu bonuak eta ekimenean parte hartu nahi duten establezimendu guztietan banatuko ditu.

Kanpainan parte hartzeko interesa duten establezimendu guztiek, EMOE elkartekoak izan zein ez, maiatzaren 7a baino lehen eska ditzakete bonuak Info@ermuacentrocomercial.com helbide elektronikoan edo 661 29 92 74 telefonora deituta.

Tokiko ekonomiari bultzada

Ermuko Udalak badaki oso garrantzitsua dela sare ekonomikoari laguntzea garapen sozial, hiritar eta ekonomiko iraunkorra eman dadin, bizi-kalitatearen maila egokiei eutsi ahal izateko.

Bonu komertzialak oso pizgarri preziatua eta eraginkorra izan ohi dira une jakin batzuetan erosketak egitera animatzeko; kasu honetan, adibidez, etenaldiaren ostean saltokiek eta establezimenduek laster ireki ahal izango baitituzte ateak. Horrela, ahal den neurrian, Ermuko negozio eta saltoki txikien jarraipena babesten du Udalak, eta herriaren susperraldi ekonomikoa sendotzen. Gainera, herritarrak animatu nahi dira udalerriko establezimenduetan erosketak egitera, beste herri edo merkataritza-gune batzuetara joatea saihestuz.

Eremu horretan, halaber, nabarmentzekoa da EMOE erreferentzia-puntua dela eta urtean zehar hainbat ekintza dinamizatzen dituela. Ekintza horiek oso eragin positiboa dute tokiko merkataritzan eta udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialean.

Bonu komertzialei buruzko edozein zalantza edo galdera izanez gero, idatzi mezu bat pe@udalermua.net helbidera.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren