2020ko Santixau jaiak, bertan behera

25.05.20
Kultura eta Gazteria

Herriko elkarteek eta Udalak egitarau alternatiboa eskainiko dute uztailean

Ermuko Udalak 2020ko Santixau jaietako ohiko ospakizunak bertan behera uztea erabaki du, Covid-19 pandemiaren ondorioz bizi dugun ezohiko osasun-krisia dela eta.

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du neurria gaur astelehena, maiatzak 25, eta aldez aurretik herriko kultur taldeekin eta ostalariekin adostu eta partekatu da erabakia. Izan ere, Santixauetako ohiko jarduerek ez dute bermatzen herritar guztien segurtasuna, ezta osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betetzea ere.

Juan Carlos Abascal alkateak onartu du erabaki "zaila" izan dela, herriko jaiak komunitatearen elementu egituratzailea baitira, eta horiek bertan behera uzteak ondorio negatiboak dakarzkie arlo ekonomikoan udalerriko sektore jakin batzuei. Baina egungo egoerak eta higiene eta segurtasun neurriek galarazi egiten dute gure jaien funtsa osatzen duten hainbat jarduera egitea: "Imajinaezina litzateke Santixauetako aurkezpena edo kalejirak bezalako ekintza alaiak egitea pertsonen arteko segurtasun distantziak betez", adierazi du alkateak.

Abascalek azpimarratu duenez, "Administrazio publikoak eredu izan behar du, eta herritarren erantzukizun soziala eskatu behar dugu, pilaketak saihesteko eta pandemia honekin amaitzeko beharrezkoak diren neurriak bete ditzaten".

Udala, herriko taldeak eta Ermuko ostalariak uztailerako kultur egitarau alternatibo bat definitzen ari dira, tokiko kultura bultzatu ahal izateko, osasun krisiak gehien zigortutako alorretako bat baita; era berean, herriko taberna eta ostalaritza establezimenduen jarduera ere dinamizatu nahi da. Hala, herritar guztientzako jarduerak eskainiko dira, segurtasun- eta urruntze-neurri zorrotzak hartuta. Hori guztia, betiere, osasun-agintarien gomendioei eta pandemiak datozen asteetan izan dezakeen bilakaerari lotuta.

Lotutako albisteak

Imagen
15.05.25
2025eko Santixauak: kartela eta suziriak nork botako aukeratu da

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da
Imagen
14.05.25
Banarte Antzerki Tailerrak ‘Ensayo general’ muntaia aurkeztuko du

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du
Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude