Lanbidek jendaurreko arretari eta aurrez aurreko ikastaroei berrekingo die

22.05.20
Gizartea

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinarazi du bere bulegoetan aurrez aurreko arreta eskainiko duela ekainaren 1etik aurrera. Instalazioetan babes neurriak hartuko dira bertako langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko. Hori horrela, eta jende pilaketak ekiditeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Ekainerako aurretiko txanda jada eskatu daiteke 945 160 600 edo 630 305 452 telefono zenbakietara deituta edo honako online eskaera orria beteta.

Udalerri bakoitzak Lanbideren erreferentziazko bulego bat du hitzartuta, herritarrek euren gestioak egin ditzaten. Ermuaren kasuan, Durangoko bulegora jo behar dute herritarrek; Zubiaurre kaleko 10. zenbakian kokatzen da. Ermuarrek eskatzen dituzten txandak bulego horretan soilik atendituko dira, nortasun agiria aurkeztuta. Gainera, hitzordua eskatu duen pertsona bakarrik joango da bertara, eta ez eskatutako ordua baino 5 minutu baino lehenago. Behin bertara iritsita, segurtasuneko langileek txanda hartuta duten pertsonei sarrera emango diete, edukiera eta segurtasun neurriak errespetatuz.

Bulegora jotzen duten pertsona guztien osasuna bermatze aldera, metakrilatozko panel babesgarriak jarri dira, bulegoetan ahalik eta pertsona gutxien egoteko eta aretoetan itxarote-denborak murrizteko moduan emango dira hitzorduak; bulegoetara sartzen diren pertsona guztiek maskara bat eraman beharko dute, eta gel hidroalkoholikoak eta/edo toallita higienikoak emateko gailuak jarriko dira.

Ikus itzazu aurretiazko txandetarako segurtasun baldintzak lotura honetan.

Nolanahi ere, Lanbidek gogorarazten du komunikazio telematikoa sustatzen eta indartzen jarraitzen dela, etxetik egin daitezkeen izapide guztiak errazteko: hala nola Nire Lanbideneteko gakoak eskatzea, LEABD dokumentua eskatzea (enplegu-eskariaren txartela), Berritze-datari buruzko informazioa eskatzea, Ziurtagiriak ematea (inskripzio-datak, inskripzio-aldiak, urteko kobrantzak, espedientearen egungo egoera), Prestakuntza-ikastaro baterako aurreinskripzioa edo Lan-eskaintza baterako aurreinskripzioa egin.

Aurrez aurreko ikastaroak, astelehenetik aurrera

Bulegoetako arreta presentzialaz gain, Euskal Enplegu Zerbitzuak lankidetzan aritzen diren formakuntza zentroei jakinarazi die maiatzaren 25etik aurrera, astelehena, aurrez aurreko klaseei berrekiteko aukera izango dutela pixkanaka. Neurri horrek barnean hartzen ditu prestakuntza-ekintzak eta lanekoak ez diren praktiken moduluak, ahal bada, behintzat. Bestalde, baimena izan baina pandemiagatik hasi ez ziren formakuntzak ekainaren 1etik aurrera has daitezke.

Berriro zabaldu aurretik, ikastaroak eskaintzen dituzten zentroek Covid-19aren eraginpean egoteko arriskua murrizteko arrisku-plana prestatu beharko dute, eta gutxieneko eskakizunak bete, hala nola, garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak bermatzea, higiene eta desinfekzio produktuak erabiltzaileen eskura jartzea, espazioen banaketa aldatzea pertsonen arteko segurtasun distantziak mantendu ahal izateko, eta papereko dokumentuen eta horien mugimendua murriztea.

Ikasgeletara bueltatzeko, prestakuntza-zentroek emango dizkiete ikasleei parte hartzen duten ikastaroan emango diren urratsen berri.

Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta ezazu Lanbideren webgunea.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere
Imagen
29.04.25
Antzokiak maiatzeko programazioari ekingo, zineari irailera arte agur esango dioen hilabetea

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu