‘Indiara Bidaia’ komikiak irabazi du Ezekiel Etxebarria saria
Marc Armspach Marko marrazkilariak jasoko du aurtengo Ermuko XII Ezekiel Etxebarria literatura saria. Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburuaren egilea da, Indiara bidaia komiki liburuaren ilustratzailea, alegia.
Bordelen jaio zen Marko irudigilea, eta 1989 urteaz geroztik marrazkilari profesional gisa aritzen da. Oso ibilbide oparoa eta emankorra du, eta horren erakusgarri da 2001ean eskuratutako Mediterraneo saria, Korsikako Nazioarteko Komiki Jaialdian. Liburu anitzen ilustratzaile, Ikastoletako Urtxintxa materialetako irudigile, jatorrizko Kukuxumuxu taldeko irudigile eta hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritako kolaboratzaile da.
Gaur egun, umore grafikoaren bidez bikote bizitza eta lanbideen inguruko estereotipoak landuzVivre avec un dessinateurFacebook orrialdean egunero ikus daitezke bere lanak, eta urtean bizpahiru komiki sortzen ditu Frantziako argitaletxe ezberdinentzat.
Ermuko liburutegiko erabiltzaileek aukeratu dute sariduna, urtean gehien mailegatu den euskarazko liburua izan baita. Horrela bada, idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurleen eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita
Aurtengo saridunak, Indiara bidaia lanak, honakoa kontatzen du:
Beren lagunen aholkuei jarraituz, Benek eta Ninak euren motxilak gogotik prestatzen dituzte Indiara abiatu aurretik: sabeleko minarentzako pilulak, ber-hidratazio gatzak, bakterioen kontrako xaboia... Uste dute ez dutela ezer ahaztu opor egun on batzuk igarotzeko. Baina ez dira ohartu Maharajaen, tenpluen eta behi sakratuen herrian, beti gertatzen direla ezustekoak… Adibidez, guru batek eta bere kideek maisu espiritual batekin nahasten zaituztela! Taj Mahal ospetsutik, Rajastandik igaroz eta Goako hondartzetaraino, hogeita hamar urteko bikote gazteak ez dio harritzeari utziko...
Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman sari hau ondoko idazleek jaso dute aurreko hamaika edizioetan:
- Jon Maia – Riomundo
- Karmele Jaio – Amaren eskuak eta Musika airean
- Kirmen Uribe – Bilbao-New York-Bilbao eta Mussche
- Irati Jiménez – Nora ez dakizun hori
- Katixa Agirre – Sua falta zaigu
- Antton Irusta, bere ibilbide osoagatik
- Eskarne Mujika – Koaderno handia
- Alberto Ladron – Arotzaren eskuak
- Jasone Osoro – Jara
Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu. Ezekiel Etxebarria XIX. mendean Ermuan bizi zen eta bertako apaiz izan genuen 56 urtean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun. Gainera, ugariak dira erlijio gaiak, ahoz aho transmititu diren Gabon-kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jauna, Julian Gayarre, Domingo Iturraran, Jose Iraegi... eta beste hainbati.
1996an, Ermuko abade etxean aurkitu ziren bertso-paper horiek guztiak Ermua eta Eitzako euskara liburuan jaso eta argia ikusi zuten. Baina bertso hauek ez dira berak egindako lan bakarra, 1899an Durangon Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado ere plazaratu zuen; loragintza eta ortuarien inguruan ere zaletasun aparta zuen eta hainbat eta hainbat artikulu jasoak ditu. Ezekiel Etxebarria, herrian Abadetxikia goitizenez ezaguna, Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago