Musika, dantza eta haurrentzako antzerkia asteburua girotzeko
Etxetik Plazara kultur programak ibilbidearen erdia gainditu du dagoeneko, eta lau emanaldi berri eskainiko dira asteburu honetan. Horrela, datozen hiru egunetan dantza, musika eta haurrentzako antzerki ikuskizunetara joateko aukera izango dugu gure etxeetatik urrun joan gabe.
Gaur ostirala, uztailak 17, Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua dantza emanaldia eskainiko du. Ikuskizun honetan, koadrila ospetsu bat gertaera deseroso batean bilduko da: hileta batean. Ahalik eta ondoen jasaten saiatuko dira, egoerari buelta emateko itxaropenarekin. Umorez, dantzaz eta melodia itsaskorrez beteriko antzezpen original eta berritzailea da Festamentua, eta gaur arratsaldean hasiko da, 20:30ean, San Pelaio plazan.
Larunbatean bi musika emanaldi izango ditugu, 19:30etik aurrera: batetik, Mustapha Agharban Azarkan Orbe Kardinalaren plazan, eta bestetik, UNA Vocal Harmony San Pelaio plazan.
Mustapha Agharban Azarkan Rifen jaiotako musikari profesionala da, eta jada 20 urte baino gehiago daramatza Euskadin. Hainbat musika talde sortu ditu soka, haize eta perkusio musikariekin. 2019an, bere izena daraman berbere musika talde bat sortu zuen, jatorri ezberdineko musikariekin, bere jatorrizko abestiak aurkeztuz, baita Rifeko errepertorio tradizionalari dagozkion batzuk ere.
UNA Vocal Harmony, aldiz, agertokia indarrez zapaltzen duen taldea da, publikoa bere harmonien magiarekin eta a capella musikarekin harrituz. Bost emakume, energiaz, sentsibilitatez eta dotoreziaz beteriko soinu bakarra osatzen duten bost ahots.
Astea amaitzeko, igandean, hilaren 19an, San Pelaio plazan Futbolariak eta printzesak haurrentzako ikuskizuna izango da. Barrea mundua iraultzeko modurik onena izan daiteke, samurtasuna inoiz ahaztu gabe, gure sentimenduak baitira aske uzten gaituena. Eta horixe izan nahi dute, hain zuzen ere, Lur eta Odei lagunek; askeak izan nahi dute, nahi dutena adierazi, bizi eta sentitu, inposiziorik eta etiketa sexistarik gabeko mundu aske batean. Emanaldia 5 urtetik gorakoentzat gomendatuta dago eta euskara hutsean izango da.
Gogorarazten dizuegu jarduera guztiak higiene- eta segurtasun-neurriak zorrotz betez egiten direla, Covid-19aren transmisioa saihesteko.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude