Covid-19 kasuen gorakadak zenbait murrizketa berrezartzea eragin du
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohartarazi du gure udalerriko egungo datu epidemiologikoen ondorioz beharrezkoa dela Osasuneko sailburuaren 2020ko uztailaren 8ko Aginduan jasotako prebentzio-neurriak aplikatzea. Agindu hori Ordiziako epidemia-agerraldia kontrolatzeko asmoz argitaratu zen, eta Eibar, Tolosa eta Zarautz udalerrietara hedatu ostean, Ermuan ere indarrean sartuko da.
Neurri horiek ahalik eta lasterren hartu behar dira, eta honako mugak zehazten dira:
Jaiak eta berbenak
Ezingo dira Ermuan jaiak, berbenak eta bestelako herri-ekitaldiak ospatu, ezta azokak ere, aurreikusitako neurrien eraginkortasunak irauten duen bitartean Covid-19tik eratorritako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.
Betebehar orokorrak
- Kautela- eta babes-betebeharrak: herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte Covid-19 gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta arrisku horiekiko esposizioa bera saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatu ahal izango zaie.
- Sintomak dituzten pertsonak: Covid-19rekin bateragarri den sintomarik ohikoenetako bat (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, giharretako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo gonbitoak) pairatzen duen edozein pertsonak etxean egon beharko du, eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari.
- Maskara nahitaez erabili behar da: maskara uneoro erabili beharko da, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko espazio itxietan edo jendearentzat irekita daudenean, eta espazio berean beste pertsona batzuekin topo egin ahal denean. Elementu horrek sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino estali beharko du aurpegia, kokotsa barne. Erabili behar den maskara motak ez du heste-balbula eduki behar, eta establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute haietan betebehar hori betetzen dela.
Higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak
Ezartzen diren arau edo protokolo espezifikoez gain, establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei aplikatuko zaizkie Osasun sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduan ezarritako higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak. Agindu hori, hain zuzen ere, Covid-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da.
Edukiera-mugak eta prebentzio-neurri espezifikoak
- Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuak: ezingo da lokalaren barruan kontsumitzeko edukieraren ehuneko berrogeita hamarra gainditu, eta mahaian eserita soilik egon ahal izango da. Ezin da barran kontsumitu. Aire zabaleko terrazetan, gehienez hamar pertsona egongo dira mahai edo mahaien multzo bakoitzeko. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzeko une espezifikoan izan ezik. Ixteko gehienezko ordutegia 23:30ean izango da.
- Gazteen lonjak eta antzekoak: debekatuta dago jarduera oro.
- Diskotekak eta gaueko aisialdirako establezimenduak: mahaian eserita kontsumitzeko aire zabaleko terrazak baino ezin izango dira irekita egon, baimendutako mahaien ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko da edukiera, eta segurtasunerako gutxieneko distantziak ziurtatuko dira. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da establezimenduko langile eta bezero guztientzat, kontsumitzeko une espezifikoan izan ezik. Jarduera 23:30ak baino lehen itxi beharko da.
Neurri horiek aldi baterako izango dira, eta 14 egunetarako aurreikusita daude momentuz, baina astero berrikusiko dira. Era berean, herritar guztien erantzukizuna eskatzen da, egoera hori lehenbailehen gainditu ahal izateko.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da