Minbiziaren Aurkako VI. Martxa, formatu birtualean
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Ermuko Tokiko Egoitzak Minbiziaren aurkako Martxa Solidarioaren seigarren edizioa antolatu du datorren iganderako, urriak 25. Covid-19aren pandemiak eragindako egungo egoera dela eta, imajinaezina litzateke urtero milaka pertsona biltzen dituen ekitaldi bat antolatzea udalerrian; beraz, aurtengo edizioa modu birtualean egingo da.
Astelehenean, urriak 19, hasiko da dortsalen salmenta, eta bi modalitate izango dira:
- Dortsal fisikoak: Ermuko establezimenduetan salduko dira, Martxaren kartel batekin seinaleztatuta, erakusleihoan, urriaren 24ra arte. Halaber, Merkatu Plazako beheko solairuan ere eskuratu ahal izango dira urriaren 21etik 24ra bitartean, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Dortsal birtualak: AECCren webgunearen bidez. Izen-emate bakoitzarekin dortsal pertsonalizatu bat lortuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak erabakitzen duen pertsonari babesa, animoa edo omenaldia emateko mezu bihurtuko da.
Izena emateak 5 euroko prezioa du bi modalitateetan, eta aurreko urteetan bezala, minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko da jasotzen den diru guztia. Aurtengo edizioan, UPV/EHUko Mikel Ruiz de Gauna Madariagak zuzentzen duen Deserregulazio metabolikoa kolangiokartzinoman: diana terapeutiko berrien bila (behazun-bideetako minbizia) ikerketa bekak jasoko du diru-laguntza.
Martxa birtualaren antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte datorren igandean, hilak 25, dortsalak edota aurreko edizioetako kamisetak leiho eta balkoietan eskegitzera. Gainera, dortsala eskuratzean, atera argazki bat eta igo sare sozialetara #LaCarreraMásLarga etiketarekin, minbiziaren aurkako martxa are gehiago ikusarazteko.
Lasterketa birtualaren egunean, bai eta aurreko eta ondorengo egunetan ere, AECCk hainbat jarduera eskainiko ditu online, eta horiek testuinguruan jarriko dute martxa sare sozialen bidez.
Eman izena, lasterketarik luzeenak ezin du eta ez du gelditu behar.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean