Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren hedapena eteteko neurri berriak hartu ditu eta mugikortasuna mugatuko du
Neurriak zorrotzagoak izango dira egoera epidemiologiko larria duten Euskadiko 25 herrietan; tartean, Ermuan
Eusko Jaurlaritzak bi agindu berri argitaratu ditu gaur, ostirala, koronabirusaren hedapena eten eta biztanleriaren segurtasuna bermatzeko helburua duten neurri zehatzekin. Horietako batek Euskal Autonomia Erkidego osorako neurri orokorrak jasotzen ditu, eta besteak, aldiz, egoera epidemiologiko larria bizi duten 25 udalerrietan jartzen du arreta – 5 Bizkaian eta 20 Gipuzkoan –, eta are gehiago mugatzen du mugikortasuna. Azken talde horretan kokatzen da Ermua, Eibar, Elgoibar, Durango, Abadiño, Elorrio eta Deba bezalako inguruko herriekin batera.
Bi aginduak gaur bertan, urriak 23, sartu dira indarrean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain pronto.
Bigarren aginduak gure herrirako zehazten dituen gomendio orokorrak honakoak dira:
- Herrietatik ez sartu eta ez irten, osasun-zentro edo zerbitzuetara joan-etorriak egiteko izan ezik, baita lan-arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik, mendekoak diren pertsonei laguntzeagatik edo ezinbestekoak diren joan-etorrietara izan ezik.
- Elkarbizitzako talde egonkorretik kanpoko topaketak ekidin.
- Ezinbestekoa ez den edozein jarduera bertan behera utzi edo atzeratu.
- Ahal den neurrian, espazio itxietako topaketak elkarrekin bizi diren pertsona taldera murriztu.
Udalerrian nahitaez bete beharreko neurriak, aldiz, honakoak dira:
- Taldeko edozein kirol jarduera bertan behera utziko da, jada hasita dauden kirol txapelketen kasuan izan ezik.
- Bakarka soilik egin ahalko da kirola.
- Debekatuta dago haur parkeak, parke publikoak eta terrazak erabiltzea 21:00etatik 06:00etara bitartean, pertsonak igarotzeko izan ezik.
- Debekatuta dago dendetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitartean.
- Merkataritza-establezimenduek 21:00etan itxi beharko dute, elikagaien dendek, farmaziek eta erregai zerbitzuguneek izan ezik.
- Ostalaritza eta jatetxe zerbitzuek 21:00etan itxi beharko dute. Ordu horretatik aurrera, lokala itxita egongo da, publikorik gabe, eta ezingo da 06:00ak baino lehen zabaldu.
- Barran kontsumitzea debekatuta dago; mahaian eta eserita soilik baimenduko da.
- Debekatuta dago zutik egin beharreko edozein jatetxe-jarduera, besteak beste koktelak edo antzekoak.
Gogoratzen dizuegu derrigorrezkoa dela maskara erabiltzea espazio guztietan, eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea gomendatzen dela segurtasuna bermatu eta birusaren transmisioa ekiditeko.
Neurri horiek guztiak Euskadiko Babes Zibilaren Planaren Aholku Kontseiluan adostu dira, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurrean, Jaurlaritzak erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu die herritarrei egoera larri honetan.
- Agindua, 2020ko urriaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoaren arloko neurri bereziak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan eta oinarrizko osasun-eremutan sortutako Covid-19 pandemiaren agerraldi epidemikoa geldiarazteko
- Agindua, 2020ko urriaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, Covid-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta
Lotutako albisteak

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Etxebizitzetan sartzen saiatzearen ustezko delitua leporatu diete

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da