Ermuko Udalak tasak eta zergak ez igotzea onartu du 2021erako
Ermuko Udalbatzak 2021erako ordenantza fiskalak onartu ditu pasatu den astearteko Osoko Bilkuran. PSE-EE/PSOEk, EAJk eta EH Bilduk tasak eta zergak bere horretan mantentzeko proposamenaren alde bozkatu dute, eta Elkarrekin Ermua eta Alderdi Popularreko ordezkariak abstenitu egin dira.
Aurreko urteetan, irizpide orokor gisa, zergen errebalorizazioa KPIaren arabera igotzea erabaki da, eta tasena, aldiz, zerbitzu-emaileen kostuaren arabera. Ekitaldi honetan, ordea, guztiak bere horretan uztea planteatu da, Covid-19aren pandemiak eragindako ezohiko egoera dela eta. Izan ere, egoera horri aurre egiteko neurriak hartzea beharrezkoa da, bai maila sozialean, bai ekonomikoan. Hala ere, zenbait aldaketa proposatzen dira udal-azpiegituren kudeaketa eta erabilera, enplegua eta ekintzailetza bultzatzeko.
Juan Carlos Abascal alkateak adierazi du udalek egoera zailari aurre egin behar diotela 2021ean, diru-sarrerak nabarmen jaitsi direlako. Udalkutxaren diru-bilketa, Udalaren diru-iturri nagusietako bat, %17 jaitsi da, eta horrek esan nahi du bi milioi euro itzuli beharko dizkiola Bizkaiko Foru Aldundiari. Beraz, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko, tokiko zerga-bilketari eutsi behar zaio, Udal-aurrekontuaren %20a baita. Hori dela eta, PSE-EE/PSOE eta EAJ/PNV alderdiek osatutako gobernu taldeak 2020ko tasa eta zerga berak mantentzea erabaki du.
“Izozteko” irizpide orokorrak badu salbuespen bat: gorantz egingo duen tasa bakarra zaborrarena izango da, Debabarrena Mankomunitateak kudeatzen duena, eta igo egingo da zerbitzuak bete ahal izateko, legeak ezartzen duenaren arabera.
EH Bildu talde politikoak bi zuzenketa aurkeztu dizkie ordenantza horiei, baina bat kendu egin du – egoera ahulean dauden kolektiboentzako jarduera-tasaren hobariei buruzkoa –, Gobernu Taldearen proposamenean modu zabalagoan sartzen dela iritzita.
Bigarren zuzenketa, berriz, atzera bota du Udalbatzak, PSE-EE/PSOE eta EAJren aurkako botoekin, PPren abstentzioarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Ermuaren babesarekin.
Jarraian, Osoko Bilkuraren bideoa utziko dizuegu. Bertan, 2021eko Ordenantza Fiskalen eztabaida osoa ikus dezakezue.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere