Badator Euskaraldiaren bigarren edizioa, parte hartu nahi?
Ostiral honetan hasiko da Euskaraldia. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin aritzeko ariketa praktikoa egingo da. Ermuko Udalak ere parte hartuko du ekimenean, eta herriko beste 65 elkarterekin batera euskaraz aritzeko konpromisoa adierazi du. Horretarako, Arigune izeneko guneak identifikatu dira, euskaraz lasai aritu daitekeen guneak, arreta hizkuntza horretan eskainiko baita.
Covid-19aren pandemiak eragin oso handia izan du bigarren edizio honen antolakuntzan, eta eragileek ezin izan dute ekimena nahi bezala zabaldu eta herritarrengana iritsi. Dena dela, norbanako moduan ariketa honetan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago oraindik.
Euskaraldiaren webgunearen bitartez eman daiteke izena. Hala ere, guztiok ez gaudenez teknologia berrietara ohituta, Ermuko Euskaltzaleen Sareak informazio gunea jarriko du Orbe Kardinala plazan ostiral arratsaldean eta larunbat goizean. Bertan, informazioa jasotzeaz gain, 15 egun horietan partaideek soinean eramango duten Ahobizi edo Belarriprest txapak jasotzeko aukera eskainiko da.
- Ahobizi rola aukeratzen duten pertsonek euskaraz egingo dute uneoro hizkuntza ulertzen duten pertsonekin, eta ezezagunekin ere, hasierako hitzak euskaraz egingo dira. Komunikazioa eteten ez den kasuetan ere, euskaraz hitz egiten jarraituko du.
- Belarriprest izatea erabakitzen dutenek jarrera aktiboa izango dute. Izan ere, uneoro euskaraz egingo ez badute ere, euskal hiztunei espreski hizkuntza horretan aritzeko eskatuko diete. Eurek aukeratuko dute non, noiz eta norekin egin euskaraz.
Ekimen honen bidez, hizkuntza ohiturak aldatu nahi dira, asko baitira Ermuan euskara ezagutzen dutenak baina, askotan elkar ezagutzen ez dutelako edo ohiturarik ez dutelako, gure hizkuntza ahal beste erabiltzen ez dutenak. Ekimenak euskararen erabilera sustatu nahi du, euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiliz.
Animatu zaitez, eta parte hartu Euskaraldian!
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik