Bete ditzagun erakusleihoak emakume zientzialariekin!

17.12.20
Ekonomi Sustapena

Ermuko Udala, Elhuyarrekin elkarlanean, Otsailak 11 Erakusleihoak kanpaina antolatzen hasi da, egun horretan ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta. Ospakizunari ikusgarritasuna emateko, otsailaren 8tik 21era bitartean herriko saltokietako erakusleihoak emakume zientzialariekin apaintzea proposatu du Udalak.

Kanpaina hau Bizilabe ekimenaren barnean kokatzen da. Elhuyarrek abian jarritako eskolaz kanpoko ekimen horretan, gazteek zientzia eta teknologia proiektuak garatzen dituzte. Egun, Bizilabe Euskal Herriko gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da.

Otsailak 11 Erakusleihoak ekimena Estatu mailan egingo da, eta gure inguruan, Ermuko dendez gain, Bilbo, Soraluze, Elgoibar, Tolosa eta Villabonakoek ere parte hartuko dute.

Testuinguru horretan, kanpainarekin bat egiten duten dendei emakume zientzialari bat proposatuko zaie, eta beren ikerketa-eremua inspirazio gisa hartuta, dendako erakusleihoa apaindu beharko dute. Horrela, hainbat zientzialariri eta egin dituzten lanei merezi duten garrantzia emango zaie.

Adibidez, saltoki bateko protagonista Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria bada, pultsar izarrak aurkitu zituen zientzialaria, erakusleihoa espazioa edo unibertsoa iradokitzen duten elementuekin apaindu ahal izango da. Irudimena tokiko establezimenduen esku geratzen da.

Kanpainan parte hartu nahi duten dendek urtarrilaren 14a baino lehen eman beharko dute izena formulario honen bidez. Urtarrilaren 18ko astean zientzialari bat esleituko zaio parte-hartzaile bakoitzari, eta otsailaren 5erako erakusleihoek prest egon beharko dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, bidali mezu bat pe@udalermua.net helbidera edo deitu 943 17 90 10 telefonora.

Zabalkunde-ekintzak

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna baino lehen, liburuxka bat egingo da saltokietan eta erakundeetan banatzeko. Liburuxka horretan, emakume zientzialarien istorioak erakusteaz gain, ekimenean parte hartzen duten saltoki guztiak jasoko dira, mapa batean. Hala, otsailaren 11n erakusleihoen ibilbidea egitea proposatuko da.

Bestalde, Bizilaberen webgunean kanpainari buruzko atari bat sortuko da, hiru elementu izango dituena:

  • Mapa interaktiboa: ekimenean parte hartzen duten dendak agertuko dira mapan. Denda bakoitzean klikatuz gero, establezimenduaren izena, erakusleihoaren argazkia eta zientzialariari buruzko informazioa ikusiko dira.
  • Bizilabeko gazteen esperimentuen bideoak: Bizilabeko parte-hartzaileek bideo bidez aurkeztuko dituzte zientzialariak eta bere ikerketa-arloarekin lotutako esperimentu bat egingo dute.
  • Etxean esperimentuak egiteko dokumentuak: Bizilabeko bideoetan erakutsitako esperimentuak egiteko dokumentuak deskargatu ahal izango dira. Bertan, beharrezko materialak eta jarraitu beharreko urratsak deskribatuko dira.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren