Ermuko Udala akusazio partikular gisa onartu dute Zaldibarko zabortegiaren eraisketaren kasuan

01.02.21
Erakundea

Larunbat honetan, otsailaren 6an, urtebete beteko da Zaldibarko zabortegia erori zela eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak lurperatuta geratu zirela. Orain, instrukzio judiziala hasi da, eta Durangoko 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak Ermuko Udala eta beste zazpi entitate onartu ditu Verter Recycling 2000 enpresaren eta bertako hiru ordezkariren aurkako akusazio partikular gisa.

Ermua, Eibar, Elgeta eta Zaldibarko Udalak, Interbiak sozietatea, Ekologistak Martxan elkartea, beste bi ingurumen-elkarte eta hildako langileetako baten senideak izan dira Durangoko Epaitegiak akusazio partikular gisa onartu dituen erakundeak.

Urtarrilaren 22an emandako autoan, epaitegiak erabaki du aurretiazko eginbideak hastea eta Verter Recycling 2000 enpresako arduradunetako hiru ikertzea, ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik. Lan delituen izapideak martxan daude jada duela hilabete batzuetatik. Izan ere, zabortegiaren inguruan irekitako ikerketa Durangoko bi epaitegiren artean banatu dute: batek zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen eskubideen aurkako delituengatik auzia bideratu du, eta besteak ingurumen-delituengatik.

Auzi honetan, BSK Legal & Fiscal abokatu bulego donostiarrak ordezkatuko du Ermuko Udala.

Joaquin Beltran bilatzeko lanetan

Zaldibarko zabortegia erori eta ia urtebetera, Joaquin Beltranen gorpua bilatzen jarraitzen dute. Abuztuan Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu ondoren, bigarren langilearen gorpua berreskuratzeko lanek aurrera jarraitzen dute B4 izeneko eremuan. Lan horiek arrakastaz amaitzen ez badira, B1b eta B1c eremuak arakatuko dira.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, luiziaren ezaugarriak direla eta, "bilaketa-eremuen gainean hondakin kopuru handia dago. Hori guztia kendu eta horretarako bereziki sortutako biltegietara eraman behar da, eta egonkortasuna bermatu behar da, bilaketa-taldeak sar daitezen". Era berean, Joaquinen bilaketa amaitu eta ingurua egonkortu ondoren, hondakindegia zigilatuko dutela eta instalazioaren bizitza erabilgarria amaitutzat emango dutela esan du.

Lotutako albisteak

Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Imagen
28.11.25
Gaztegunera sartu ahal izateko, eman izena

Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian