Aurten ere ON, LilatON!

24.02.21
Berdintasuna

Emakumeen martxa herrikoia egoera berrira egokitu da berdintasuna eta ahalduntzea aldarrikatzen jarraitzeko

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, jarduera soziokultural asko bertan behera gelditu dira egoerak hobera egin arte. Emakumeen lasterketen dekanoak, Donostiako Lilatoiak, ordea, garai zail horietara egokitzea eta 2021erako edizio berritu bat antolatzea erabaki du, genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen jarraitzeko. Horrela, eta osasun neurriak errespetatzeko, ez ditu parte hartzaile guztiak Gipuzkoako hiriburuan biltzera deituko, baizik eta korrikalari bakoitzak munduko edozein tokitan egin ahal izango du nahi duen ibilbidea. Beraz, lasterketan izena ematen duten Ermuko emakumeek proba gure herrian bertan burutu ahal izango dute, hala nahi izanez gero.

Aurten ere ON, LilatON! lelopean, martxoaren 5ean, ostirala, 06:00etatik martxoaren 8ko 23:00etara bitartean egin ahal izango da proba. Parte-hartzea lau kategoriatan banatzen da: korrika, oinez edo nordic walking, patinetan edo handbikean. Horietan guztietan 5 kilometroko ibilbidea bete beharko da parte-hartzaile bakoitzak erabakitzen duen tokian.

Lilatoian parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da lasterketaren webgunean, martxoaren 4ko 23:55ak baino lehen. Edozein kategoriatan izena emateak 4 euroko prezioa du, eta 2021eko kamiseta ofiziala eskuratu nahi izanez gero, 11 eurokoa. Kamiseta hainbat dendetan jaso ahal izango da; Ermutik hurbilen dagoena Eibarko Intersport Askasibar izango da.

Izena eman ondoren, parte-hartzaile guztiek lasterketaren aplikazioa deskargatu ahal izango dute, Androiderako zein iOSerako. Bertan, proba bere kabuz burutu ondoren lortutako emaitza igo ahal izango dute lasterkariek, horrela, Lilaton 2021eko sailkapen ofizialean parte hartzeko.

Antolatzaileek emakume guztiak animatu nahi dituzte lasterketa honetan parte hartzera eta sare sozialak argazkiz betetzera, edizio honetako edo beste edozeinetako kamisetarekin eta #AurtenEreOn #Berdintasuna #Berdintasuna #Lilaton eta #LilatonVirtual bezalako hashtagekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Lilatonen webgune ofiziala.

Ermurako ibilbide proposamena

Aurreko edizioetan, Ermuko Udalak herriko emakumeen parte hartzea bultzatu du, Donostiarako autobusaren kostua diruz lagunduz taldearen joan-etorria errazteko. Oraingo honetan, herrian zehar 5 kilometroko ibilbidea proposatu du, emakume guztiak jarduera honetan parte hartzera animatzeko. Dena den, ibilbidea librea da eta pertsona bakoitzak erabaki dezake 5 kilometroak non egin.

Udalaren irteera eta helmuga proposamena Martxoaren 8ko Plaza da, datarekin duen sinbolismoagatik eta lasterketarekin duen harremanagatik. Ibilbide osoa ikus daiteke lerro hauen azpian erantsi dizuegun mapan.

Ibilbideak Covid-19aren aurkako neurriak errespetatzen ditu, eta Udal-mugen barruan planteatu da, konfinamendu perimetral baten kasuan arazorik gabe egin ahal izateko.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan