'Martxoaren 8ari buruzko adierazpen instituzionala' aho batez onartu da

26.02.21
Erakundea

Ermuko Udalbatzak martxoaren 8ari buruzko ''Adierazpen Instituzionala'' onartu zuen astearte honetan, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasun eta aldeko botoekin. Agiriak Euskadiko Udalen Elkarteak, Eudelek, proposatutako testu batean du oinarria, eta gure herrian hainbat paragrafo gehitu zaizkio. Aurtengo adierazpenaren ardatza "pertsonen zaintza berdintasunean" da. Lehenengo paragrafoan jasotzen denez, "Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feministak eta emakumeen kolektiboek egiten zituzten aldarrikapenak: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen eta komunitatearen mende dago erabat. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar, pandemiarekin muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza".

Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira “pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazaren eta migrazio-estatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira” gehitzen da.

Adierazpenak dioenez “berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizi-kalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintza-sistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Gure gizarte-ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (guraso bakarreko familien buruak, behartsuenak, kolektibo zaurgarrietakoak, indarkeria matxistaren biktimak...) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza-zamaren ondorio negatiboak.

Aurrerago, "udal honek bere eskumenen esparruan hartzen dituen konpromisoak" zehazten ditu adierazpenak:

  • Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
  • Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.
  • COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.
  • Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.
  • Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna.
  • Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.
  • Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.
  • Ermuko Udaleko langileen zaintzak eta lan-bizitza uztartzea ahalbidetuko duten askotariko baliabideak mantentzea, pandemia-garai hauetan batez ere, lan-modalitate mistoa, aurrez aurrekoak eta aurrez aurrekoak ez direnak (telelana) barne hartzen dituena, arautuz,  azken horiek borondatezkoak izanez, eta zainketen erantzukizunean emakumeen eta gizonen artean alde handiagoa ez dutela sortzen ziurtatuz.
  • Tokian tokiko zainketa lanetan (formaletan eta ez formaletan) emakumeek duten zeregina sakon aztertzea, egungo zaintza-sisteman emakumeenganako diskriminazioa eta zapalkuntza eragin dezaketen elementuak identifikatzen ahaleginduz, horiek ezabatzeko bidean aurrera egiteko eta, aldi berean, egun dauden laguntzak eta programak eskura ditzatela bermatzeko.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere