Martxoak 8; urteko egun guzti-guztiak

05.03.21
Berdintasuna

Astelehenean, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna da. Ermuak ekitaldi kultural eta aldarrikatzaileen egitarau zabala prestatu du, hilabete osoan zehar luzatuko dena. Jarduerak hasita daude eta horietako batzuk astean zehar egin dira.

‘Egunero da martxoaren 8a’

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, udaletxearen ondoan dagoen izen bereko plazak protagonismo berezia izango du egun osoan zehar. Gune horretan, Egunero da martxoaren 8a espazioa izango da ikusgai; bertan, metro batzuk aurrerago Berdintasunaren Pasealekuan dagoen plaka inauguratu zenean zabaldu zen mezu hura gogorarazteko biniloak eta kartelak jarri baitira dagoeneko. Izan ere, egunero da martxoaren 8a, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde borrokatzeko konpromisoak egunerokoa izan behar baitu.

Eguerdiko 13:00etan, herritarren kontzentrazioa deituta dago Orbe Kardinala plazan, eta bertan, alderdi politiko guztiek aho batez onartu duten adierazpen instituzionala irakurri eta lore sortak banatuko dira. Egun bizi dugun osasun larrialdiko egoera dela eta, higiene eta segurtasun neurri guztiak hartuko dira Ermuko herritarrek segurtasunez parte har dezaten. Udalak dei zabala egin digu herritarroi bat egin dezagun.

Horrez gain, asteburu honetan gaurtik hasi eta astelehenera bitartean, biak barne, martxoaren 5etik 8ra bitartean, udal eraikinak more kolorez argiztatuko dira, Emakumeen Nazioarteko Egunaren sinbolismoaren eta indarraren seinale.

Jarduera egitaraua

Martxoaren 8ko kartelen lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira hilabete bukatu arte Emakumearen Topagunean, erakusketa zabalik egongo ohiko ordutegian. Era berean, hilabete osoan zehar, Udal liburutegiak feminismoari, generoari eta zaintzari buruz prestatutako irakurketa eta ikus-entzunezkoen gida jaso ahal izango da.

Gaurkoan Bilboko La Compañía Joven de Pabellón 6 taldeak ¿Qué fue de Ana García? antzezlana aurkeztuko du Ermua Antzokian 19:00etatik aurrera. Sarrerak 10 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean eta leihatila digitalean.

Kirola

Emakumeen lasterketen dekanoak, Donostiako Lilatoiak, garai zail horietara egokitzea eta 2021erako edizio berritu bat antolatu du, genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen jarraitzeko. Horrela, eta osasun neurriak errespetatzeko, ez ditu parte hartzaile guztiak Gipuzkoako hiriburuan biltzera deituko, baizik eta korrikalari bakoitzak munduko edozein tokitan egin ahal izango du nahi duen ibilbidea. Beraz, lasterketan izena ematen duten Ermuko emakumeek proba gure herrian bertan burutu ahal izango dute, hala nahi izanez gero. Lilatoi birtualaren inguruko xehetasun guztiak, hemen.

Azkenik, martxoaren 11n, osteguna, Make Internet Great Again hitzaldia eskainiko dute Bartzelonako UNA proiektua osatzen duten pertsonek. Saio honetan, gorrotoaren diskurtsoen gorakada eta sare sozialen bidez izan duten hedapena ulertzeko gakoak emango dituzte. Era berean, horri aurre egiteko eta ziberespazio justuago bat sortzeko alternatibak eraikitzeko tresnak partekatuko dituzte. Hitzaldia 17:30ean hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Jardueren liburuxka eta Martxoaren 8ko kartela Angela Garlito artista alacantarraren Agur al canon lanarekin ilustratu dira.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan