Bultza euskaltegiak-Bultza euskara! kanpaina abian jarri du AEK-k
Korrikaren ordez Euskal Herria osoan 80tik gora ekitaldi egingo ditu koordinadorak igandean, “aurten ere euskararen lekukoa kalean egon dadin”. Mezua irakurriko eta abesti bi entzungo dira
Aurtengo martxo honetan ‘Korrika’ beharko luke Euskal Herriko udalerri, kale eta errepideak zeharkatzen. Covid-19ren pandemia dela-eta, gauza askori uko egin behar izan zaio, Korrika tarteko, datorren urterako atzeratu izan dena. Hori horrela, AEK koordinadorak eta duen euskaltegi sareak diru-sarreratan galera izan du. Egoerari aurre egin, euskararekiko grinari eta egiturei eusteko Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina hasi du eta, horren baitan, ekitaldia gauzatuko du aste honetako domekan, herriko plazan, eguerdiko 12etatik aurrera. Horrelako 80 ekitaldi baino gehiago egingo ditu Euskal Herriko herrialde guztietan, martxoaren 28ko igandean, “aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin”, AEK-k prentsa ohar bidez zabaldu duenez.
Ekitaldiak 12etan hasiko dira, eta xumeak eta ordu erdikoak izango dira, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak. Dinamika horrekin euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratu nahi da beste behin. Antolatzaileek adierazi dutenez, eguna girotzeko, abesti bi jarriko dira herri guztietan: batetik, ''Euskal Herrian Euskaraz'' kanta ezaguna, eta bestetik, berariaz egun horretarako sortu den ''Lekukoa mingaina'' bertso-rapa. Ermuan bertsoak ere izango ditugu plazan eta talde-argazkia hartuko da.
Halaber, AEK-k ''Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! egizu ekarpena'' kanpainaren zehaztasunak ezagutarazi ditu. Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko herritarren sostengua jaso nahi du kanpainaren bidez. Hiru ardatz ditu: administrazioaren eta eragileen inplikazioa; igandeko ekitaldi xumea eta diru ekarpenak. Diru-ekarpenak AEKren webgunean eta bereziki atal honetan egin daitezke, hainbat modutan.
Azkenik, Ermuko Kaltxango AEK-k igandeko ekitaldian parte hartzeko eta plazara bertaratzeko dei zabala egin du. Anima zaitezte!
Lotutako albisteak

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte