Haurren Kontseiluak Ermua hobetzen jarraitzeko ideiak aurkeztu ditu

26.03.21
Erakundea

Haurren Kontseiluaren laugarren edizioak Ermuko Udalak proposatutako erronkak lantzen jarraitzen du. Ildo horretan, gaur ostirala, martxoak 26, Kontseiluko kideek bilera telematikoa egin dute azken bost hilabeteetan egindako lana azaltzeko.

Ermuko Alkatetzako aholkularitza organorik gazteena osatzen duten 12 haurrek euren ideiak aurkeztu dizkiete Juan Carlos Abascal alkateari eta proiektuan parte hartu duten Udal teknikariei.

Kontseiluaren edizio honetan, pandemia dela eta parte-hartzaile guztiak hilero eta aurrez aurre biltzea ezinezkoa denez, ikastetxe bakoitzari lan-ildo bat esleitu zaio. Horrela, eta Tazebaez tokiko enpresako monitoreen laguntzarekin, kontseilariek beren kabuz hainbat proposamen egin ahal izan dituzte. Hona hemen ikastetxe bakoitzeko ordezkariek orain arte aurkeztutako ideiak:

  • Anaitasuna ikastetxea – Aisia
    • Erronka: Zer gauza eduki nahiko zenukete igerilekuan? Zer gustatuko litzaizueke egotea jolastu ohi duzuen lekuetan?
    • Erronka horretatik sortu diren ideia nagusiak izan dira Forjako eta Goiko parkeak estaltzea eta urik ez dagoen jolasguneetan iturriak jartzea.
  • San Lorenzo ikastetxea – Aniztasuna
    • Erronka: Nola lagun diezaiekegu beste herrialde batzuetatik datozen haurrei eta familiei eskolan eta auzoan ondo babestuta senti daitezen?
    • Ikastetxe honetako kontseilariek kultura desberdinak ordezkatzen dituzten jokoetan jolasteko egun bat antolatzea proposatu dute. Aniztasunari buruzko komiki lehiaketa bat egiteko aukera ere pentsatu dute.
  • San Pelaio ikastetxea – Kultura
    • Erronka: Zer egin dezakegu gurasoek eta haurrek elkarrekin gehiago irakur dezaten?
    • Ikastetxe honetako ikasleek Udal liburutegian eskulanen ''txokoa'' jartzea, erabilitako liburuak eman ahal izateko kutxak jartzea eta liburuak koloreen eta gaien arabera antolatzea proposatzen dute, bilaketa errazteko.
  • Eskolabarri – Ingurumena
    • Erronka: Zer hondakin sortzen da etxean? Zer egin dezakegu hainbeste plastiko ez erabiltzeko?
    • Eskolabarriko kontseilariek ikastetxeetan boligrafo kargagarriak banatzea pentsatu dute, baita silikonazko lastoak ere, erabili eta bota behar ez izateko. Halaber, gozokiak erosteko plastikozko poltsak paperezkoengatik aldatzea proposatu dute.
  • Ongarai Eskola – Ingurumena
    • Erronka: Zer egin dezakegu herria ederragoa eta garbiagoa izateko?
    • Ikasleek gehien baloratzen dituzten ideiak pintadak garbitzea eta muralak margotzea, gainetik berriz margotu ez daitezen, udalerrian zuhaitz, landare eta zuhaixka gehiago landatzea eta ibaia guztion artean garbitzea dira.

Jardunaldi horren ostean, haurrek lan-saio bat gehiago izango dute apirilean Tazebaezeko begiraleekin. Eta Haurren Kontseiluaren edizio hau amaitzeko, maiatzean, alkateak eta Udal teknikariek haurrek planteatutako proposamenei erantzungo diete aurrez aurre, Orbe Kardinalaren plazako kioskoan egingo den ekitaldi batean.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
26.11.25
Gabonetako argiak ostiralean piztuko ditugu Ermuan

Hiri Hezitzaileen Egunean jolasak izango dira ikasleentzat, txokolate-jana eta Gabon Postal lehiaketako lan irabazlea ezagutaraziko
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista