Ermua eremu gorrian sartu eta udal-konfinamendura itzuli da
LABIren Aholku Batzordeak 16/2021 Dekretua aurkeztu du ostiral honetan, Covid-19ari aurre egiteko prebentzio-neurriak aldatu eta indartzeko. Dokumentua indarrean dago jada, eta arreta berezia eskaintzen die azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 400etik gorako intzidentzia-tasa metatua duten udalerri eta/edo lurraldeei. Ermua talde horretan dago, Beasain, Elorrio, Lazkao, Muskiz, Ondarroa, Ordizia eta Urretxurekin batera.
Gaurtik aurrera, 400eko muga gainditzen duten udalerriak itxiera perimetralera itzuliko dira. Horrela, Ermuko herritarrok erosketak egiteko edo aire zabalean jarduera fisikoa burutzeko baino ezin izango gara atera, eta mugakide diren herrietara soilik.
‘Gorrian’ dauden herrietako ostalaritza-establezimenduek ere ordutegia aldatu behar izan dute, eta lokalen barruan 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era soilik hartu ahal izango dituzte bezeroak. Kanpoaldean, terrazek establezimenduaren ohiko ordutegian funtzionatu ahal izango dute.
Kirol-jarduerari dagokionez, barruko instalazioetan ezingo dira 4 pertsona baino gehiago bildu, talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. Aldagelak eta dutxak ixtea ere zehazten da, igerilekuetakoak izan ezik; horietan baimendutako gehieneko edukieraren %35 erabili ahal izango da.
Osasun Sailak finkatutako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrenda argitaratuko du astelehenero; jaieguna bada, hurrengo lanegunean. Beraz, bigarren ebazpena apirilaren 6an argitaratuko da, asteartean, eta hurrengo egunetik aurrera izango da indarrean.
Gaur astelehena, martxoaren 29a, Ermuak 767,84ko intzidentzia-tasa metatua du, eta 29 kasu positibo berri atzeman dira asteburuan. Horregatik, eta tasa 400etik jaitsi arte, 16/2021 Dekretuan jasotako murrizketa berriak aplikatzen jarraituko da udalerrian.
Gainerantzean, mugikortasuna Euskal Autonomia Erkidegora mugatuta dago oraindik, baina lurralde historikoek, oro har, 100.000 biztanleko 400eko tasa gaindituko balute, probintziako itxiera aplikatuko litzateke.
Ohiko galderei erantzunak
Dekretu berri horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak dokumentu bat argitaratu du herritarrek neurri murriztaile horien aurrean dituzten zalantza ohikoenei erantzuteko.
Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du hiru adierazleren bilakaera hartu dela kontuan neurri berriak zehazteko:
- Azken egunetako datuek goranzko joera argia erakutsi dute Euskadi osoan
- ZIU oheen okupazioa handia da eta hazten jarraitzen du
- Britainia Handiko aldaerak eragina izaten jarraitzen du Euskadin, eta Brasilgo eta Hegoafrikako aldaeren lehen kasuak ere agertu dira.
Arrazoi horiek kontuan hartuta, LABIren Aholku Batzordean adostutako jarduera-irizpidea Bizi Berri III Planean ezarritako aurreikuspen guztiak mantentzea izan da, eta, gainera, goranzko joera areagotzeko aurreikuspenen aurrean erantzuteko neurriak hartzea.
Testuinguru horretan, Urkulluk berretsi du arduratsua zuhurtziaz jokatzea dela, eta funtsezkoa dela indarrean dauden neurri guztiak betetzea.
Lotutako albisteak

Etxebizitzetan sartzen saiatzearen ustezko delitua leporatu diete

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du