Denboraldi honetako piroporik freskoenak ezagutu nahi?

29.03.21
Euskara

70 bat lan dibertigarri, poetiko, sentsible nahiz bihurri aurkeztu dira aurten Ermuko Udalak antolatutako euskarazko Piropo Lehiaketaren XIV. edizioan. Covid-19aren pandemiak gogor markatu duen urte honetan, irudimena gailendu da beste behin lehiaketa honetan, eta jada baditugu irabazleak.

Helduen kategoriari dagokionez, Anne Bengoetxea donostiarra gailendu da Ez dut zentzumen nahikorik eragiten didazun zirrara-jasa irensteko piropoarekin. Konposaketa horri esker, bi lagunentzako zirkuitu batez gozatzeko aukera izango du Gipuzkoako hiriburuko La Perla talasoterapia zentroan, aromaterapiarekin masajea eta dastatzeko menua barne.

14-17 urteko gazteen mailan, Aimar Galdos ermuarrak irabazi du lehen saria Matematikako klasean ere ez naiz zure begiradan adina galtzen lanarekin. Horrekin 100 euroko erosketa-txeke bat lortu du, Ermuko Merkataritza eta Ostalaritza Elkartearen (EMOE) establezimenduetan trukatu ahal izango duena.

14 urtetik beherako haurren kategoriako sariari dagokionez, Eider Arnalen Batzutan artelanik politenak ahazten ditut; zelan deitzen zinen? Piropoa izan da onena. Ermuko ikasle gazteak 50 euroko erosketa-txekea jaso du opari gisa, hori ere elkarteko dendetan erabiltzeko.

Lehiaketako epaimahaia EMOEko eta Udaleko hainbat ordezkarik osatu dute, eta aurkeztutako lanen originaltasuna baloratu da.

Irabaztea lortu ez duten arren, lehiaketako finalera iristea lortu duten zenbait piropo uzten dizkizuegu jarraian:

  • Maitasuna xirimiria balitz, zugatik sentitzen dudana uholdea litzateke
  • Jitsitik Zoomera, Meet zeharkatuz, behar zaitudala ez dizut inoiz esan horren zentzuz
  • …Zure begirada sakonean murgildurik preso beharrean libre sentitzen naiz…
  • Zu birus ta ni txerto, bikote perfektua gara gero!
  • Zertarako behar dut Iberdrolaren kontratoa, zuk ematen badidazu kriston beroa
  • Edertasuna une bat balitz, zu betierekotasuna izango zinateke
  • Niri begira dauden begi horiekin ez dut eguzkiaren argia behar
  • Zu sagardo, ni kupela, bion artean txotx! ederra
  • Irrifarra bihurtuz malkoa, zu zara zeruko izarrik politena

Lotutako albisteak

Imagen
11.12.25
Olentzero, gure eskutitzen zain

Edozein herritarrek har dezake parte eta opariak zozketaz erabakiko dira
Imagen
04.12.25
J. Ibaibarriaga XXXII. Literatur Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia

Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin