80 pertsona baino gehiago izena eman dute 'Ermua hiri kardio-babestua' proiektuan
Oraindik garaiz zaude, maiatzaren 19ko asteazkenera arte, hori barne, eman dezakezu izena
‘Bexen cardio'' enpresak lanean jarraitzen du Ermua hiri kardio-babestua proiektua aurrera atera eta gauzatzeko. Bere webgune korporatiboak adierazten du, proiektura 82 herritar batu direla eta, jada, izena eman dutela. Bexenek webgunea egokitu du eta orain egun batzuetatik maiatzaren 19ra arte zabalik du erreskate lanetan parte hartu eta trebatu nahi duten pertsona boluntarioen izen-ematea. Onlineko inprimaki erraza da, eta, bertan, gure izen-abizenak, harremanetarako bideak (telefonoa eta posta elektronikoa), erregistratzean pasahitz bat aukeratzeko eskatzen zaigu, zeina ondorengo prestakuntza saioetara sartu ahal izateko balioko digun, nahiago edo komenigarrien ditugun egunak eta orduak.
Inskripzio-fitxa bat da, pribatutasun-politikari buruzko xehetasunak dituena, eta bertan adierazten da, Datu Pertsonalen Babesari buruzko indarreko araudian ezarritakoa betez, datuak OSATU S.KOOP.ren titulartasuneko tratamendu-sisteman sartuko direla. Sistema horren egoitza soziala Ermuko Zearrekobuelta eraikinean dago (Areitio kaleko 5. zenbakian), babes-programan duen interesdunei erantzuteko.
Proiektuaren enbaxadoreak: Anne Erauskin (ZEV Bm Zuazo) eta Mirene Moreno (Super Amara Berabera) eskubaloiko jokalariak
Izena ematearekin batera, Bexen Cardiok proiektua zabaltzeko publizitate-kanpaina ere abiarazi du. Horrela, gaurtik aurrera, kartelak eta esku-liburuxkak ikus ditzakegu gure kaleetan, boluntario nola egin gaitezke adierazten digutenak, eta oinarrizko prestakuntza jaso, Kanpoko Desfibriladore Automatikoa (KDA) erabiltzeko moduari buruz eta bihotz-arnasteko geldialdia duen pertsona bati laguntzeko urratsei buruz. Mirene Moreno eta Anne Erauskin dira ekimenaren enbaxadoreak eta euren irudia musutruk utzi dute euskarri ezberdinetan erabiltzeko. Karteletan beraiekin eta atzean ere ageri dira; ezkerrean Aitor Rupérez, Ermuko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteko (EMOE) presidentea; zentroan Jon Perez bexen Cardioko langilea eta eskuinean, Irantzu Egurrola Anaitasuna Ikastolako Ikasleen Gurasoen Elkarteko kidea.
Eskubaloiaren eliteko jokalari eta enbaxadore biak zorionekoak dira kirol arloari dagokionez. Mirene Morenok eta Super Amara Bera Berak -Imanol Alvarez ermuarrak entrenatzen duenak- Liga Guerreras Iberdrola 2020-21 denboraldiko txapeldunak dira, larunbatean Donostiako Josean Gasca pabiloian Elx mendean hartuta (30-20). Bestalde, Anne Erauskinek eta ZEV Bm Zuazok asteburu honetan Lasesarren BM Morvedreren aurka lortutako garaipenarekin (24-22) mailari eustea baieztatu dute.
Pertsonak giltzarri gara, prebenitu eta babestu nahi duen proiektu parte-hartzaile honetan
Boluntarioek 3 orduko prestakuntza jasoko dute espezialisten taldeen eskutik, bihotzeko gertakizun baten aurrean erantzuten eta KDA azkar eta bermeekin erabiltzen ikasteko. Prestakuntza hori doakoa izango da maiatzaren 24tik ekainaren 5era. Hiru ordutegi daude aukeratzeko: goizez 9etatik 12etara; arratsaldez 5etatik 8etara eta, hirugarrena, oraindik zehaztu gabe dagoen etorkizuneko aukera bat. Prestakuntza Izarra Centreko instalazioetan egingo da, presentziala izango da eta errealitate birtualeko teknologiak barne hartuko ditu.
Bexenek erreskatatzaileen sare zabala osatu nahi du, 150 boluntario edo gehiagok osatua. Proiektu parte-hartzaile honen gako dira prebentzioa eta babesa, eta, beraz, pertsonak gara ardatz nagusia. Udal horrek informazio-ohar bat zabaldu zuen ostiralean, inskripzioen irekieraren berri emateko eta ekimenarekin bat egiteko deia eginez. Pertsona guztiak gara baliozkoak eta gai. Helburua prebentzioa da. Bat egiten? Zugatik, nigatik, gu guztiongatik!
Lotutako albisteak

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude