Vertigo Rock jaialdia Ermuko kaleetara itzuliko da
Astebete baino ez da falta Vertigo Rock jaialdiaren edizio berri batez gozatzeko. Iaz ospatu beharreko XIV. edizioa bertan behera geratu ondoren, musika jaialdia birmoldatu egin da gaur egungo osasun egoerara egokitzeko, Kultura segurua da lelopean.
Jaialdia ostiralean, hilak 21, hasiko da Liher rock talde donostiarraren eskutik. Lide Hernando (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarri (gitarra eta perkusioa), Joshka Natke (baxua) eta Ander Berzosa (bateria) laukoteak bere azken lana aurkeztuko du, Hemen herensugeak daude, Ermua Antzokian, 19:00etatik aurrera. Sarrerak 8 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean eta Kutxabanken webgunean, eta egunean bertan Antzokiko leihatilan ere erosi ahal izango dira, oraindik geratzen badira.
Gogorarazi nahi dizuegu, Ermua Antzokian ezarritako segurtasun-neurriei jarraituz, aretoaren ohiko edukiera erdira murriztu dela, eta instalazioetako langileak arduratuko direla kontzertura joaten diren pertsonei eserlekuak esleitzeaz.
Larunbatean, hilak 22, jaialdiaren gune nagusia Orbe Kardinalaren plaza izango da, bertan egunean zehar doako lau kontzertu eskainiko baitira. Programazioa 12:00etan hasiko da Jon Moma kantautore ermuarrarekin. Urte askoan rock talde ezberdinetan instrumentista izan ondoren, Moma bere jaioterrian aurkeztuko duen proiektu pertsonal batean murgildu da. Emanaldi honen ostean, 13:00etan, Alfredo eta Iker Piedrafita Barricada, Miss Octubre eta Dikers taldeetako kide ohi eta aita-semeen emanaldi akustikoaz gozatzeko aukera izango dugu.
Arratsaldean, 18: 00etan, Bala bikoteak grunge eta stoner nahasketa berezia eskainiko du. Anxela Baltar (ahotsa eta gitarra) eta Violeta Mosquera (ahotsa eta bateria) galiziarrek gaur bertan kaleratu duten Maleza diskoa aurkeztuko dute. Jaialdia amaitzeko, Rodeo zestoarrek stoner rock klasiko erakustaldia eskainiko dute 19:30etik aurrera.
Kontzertu guztiek higiene- eta osasun-neurri zorrotzak izango dituzte jaialdiaz modu seguruan gozatu ahal izateko egungo testuinguru epidemiologikoan. Edukiera mugatua izango da bai Ermua Antzokian eta baita Orbe Kardinalaren plazan ere; azken kasu horretan, doako formatua denez, lekua erreserbatzeko garaiz joatea gomendatzen da.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude