Bertsolaritza erakustaldia Ermuko haurren eskutik
Lehen Hezkuntzako azken mailetako ehun ikasle baino gehiagok parte hartuko dute ostegun honetan, ekainak 3, Mundu bat bertso izeneko jaialdian. Bertan, ikasturtean zehar bertsolaritza alorrean egindako lana aurkeztuko dute gaztetxoek.
Ermuko Bertso Topaketa proiektua Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean garatu da herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxetan. Horri esker, ikasleek bertsolaritza klaseak jasotzeko aukera izan dute eskola orduetan, eta horien emaitzak harro erakusteko aukera izango dute gaur Ermua Antzokian.
Gaztetxoek zuzenean abestuko dute, eta atal batzuetan gitarraren musika izango dute lagun. Gainera, Irune Basagoiti eta Leire Vargas bertsolariak izango dira eurekin batera, duten abilezia eta esperientzia erakutsiz eszenatoki gainean.
Ekitaldia 17:30ean hasiko da. Gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izango du jaialdiak, eta sarrera mugatua izango da; Covid-19aren protokoloak direla eta, ikastetxeetan banatu diren gonbidapenen bitartez soilik sartu ahalko da.
2015/2016 ikasturtean abiatutako proiektu honen helburua ahozko komunikazioa lantzea da, horretarako bertsolaritzak eskaintzen dituen tresna eta baliabideak erabiliz. Bertsoek normaltasun linguistikoa bultzatu dezakete, haur eta gazteen artean euskarari balioa eman eta erabilera sustatzen baitute.
Bertsolaritzak eskolari onura asko ekartzen dizkio, hala nola, ahozko komunikazioa hobetzea, komunikatzeko estrategia ezberdinak erabiltzea, sormen linguistikoa bultzatzea, jendaurrean hitz egitean topatzen diren oztopoak eraistea, ideiak antolatzen laguntzea eta, orokorrean, komunikatzaile onak izatea.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko