Hondakinen kudeaketa egokiak gure ekosistemak eta ingurunearen babesgarri

04.06.21
Ingurumena

Mankomunitateak, Ingurumenaren Mundu Egunean, gogorarazten digu hondakinen kudeaketa egokiak gure inguruko ekosistemak babesten laguntzen duela: naturan zaborrik ez utzi eta hondakinak behar bezala birziklatu ditzagun

Debabarrenako Mankomunitateak bat egiten du ekainaren 5eko Ingurumenaren Mundu Egunarekin. 1974. urtetik ospatzen da egun hau mundu mailan, ingurumenaren sentsibilizazioa eta herrialdeen garapen jasangarria sustatzeko. Aurten, Nazio Batuen Erakundeak ekosistemak leheneratzeko deia egin du “Berimaginatu, birsortu, leheneratu” lelopean, ingurumenaren degradazioa geldiarazi, murriztu eta lehengoratzeko.

Ekosistemak dira planetako bizitzaren euskarria eta hauek zaintzeak eta babesteak eragin zuzena du planetaren eta bertako biztanleen osasunean. Ekosistemen degradazioaren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira, hortaz, eraginak ere oso desberdinak izan daitezke. Hori dela eta, edonork jar dezake bere alea ekosistemak zaharberritzeko. Ekosistemen leheneratzeak hondatu diren ekosistemak berreskuratzen laguntzean datza, eta oraindik bere horretan jarraitzen dutenen kontserbazioan ere bai.

Hondakinen kudeaketa egokiaren bidez, ekosistemak leheneratzen lagun dezakegu. Alde batetik, ahalik eta material gehienak berrerabiliz edo birziklatuz, papera egiteko zuhaitzak moztea saihestuko dugu, beira egiteko mineral gehiago ateratzea ere bai, edo plastikozko ontziak egiteko petroliotik eratorritako material gehiago lortu behar izatea.

Debabarrenan, 2021eko apirilean, gaikako bilketaren maila %57,36koa da. Datu ona izan arren, hobetzeko tarte handia dugu, egun edukiontzi grisean uzten ditugun material birziklagarrien kopurua ikusita.

Bestalde, gure inguruko ekosistemek aurre egin beharreko arazo garrantzitsu bat dira mendietan, ibaietan eta itsasoan pilatzen diren zaborrak. Zaborra naturara ez iristearen garrantziaz ohartzea funtsezkoa da, besteak beste, ekosistemetako bizidunengan ondorio larriak eragiten dituelako: janaria plastikozko ontziekin nahasten duten hegaztiak, zetazeoak, etab. gizakion arduragabekeriaren ondorio dira askotan. Zoritxarrez, gure ibaiertzetan hondakin asko ikusten jarraitzen dugu, inguruko ekosistemak ezinbestean kutsatuko dituztenak.

Horregatik guztiagatik, Debabarrenako Mankomunitateak Ingurumenaren Mundu Egunaren harira, herritarrei gogorarazi nahi die zeinen garrantzitsua den hondakinak berrerabiltzea eta egoki birziklatzea.

Lotutako albisteak

Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
21.03.25
Itzali argia. Planeta defendatu

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara
Imagen
13.03.25
Edukiontzi marroia txartel berriarekin edo App aplikazio batekin bakarrik ireki ahal izango

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko