Baditugu XXVII. Ermua Hiria Literatur Lehiaketako irabazleak
Ermuko Udal liburutegiak XXVII. Ermua Hiria Literatur Lehiaketan saritutako lanak ezagutzera eman ditu. Aurtengo narratiba lanen gaia bidaia literatura izan da, eta epaimahaiak Miguel Angel Muñoz Perez madrildarrari eman dio gaztelaniazko saria, Mal de niebla kontaketagatik.
Gaztelaniazko poesia modalitatean, Segovian bizi den Sergio Rodriguez Jimenezek irabazi du saria, El conticinio interior lanarengatik.
Euskarazko kategoriei dagokienez, Mari Joxe Azurtza Sorondegi donostiarrak jaso du narratiba saria, PAT kontakizunagatik.
Azkenik, epaimahaiaren arabera, euskarazko olerkirik onena Elena Aierbe Segurola tolosarraren Hitzak ordainetan izan da.
Modalitate bakoitzean ematen den saria 400 eurokoa da. Lan irabazleak laster kontsultatu ahal izango dira liburutegiko mikrositean.
326 obra aurkeztu dira
Ermua Hiria lehiaketaren edizio honetan, gaztelaniazko 127 narratiba kontakizun aurkeztu dira (31 emakume eta 96 gizon), baita 182 olerki konposizio ere (59 emakume eta 123 gizon). Euskaraz, 7 kontakizun (2 emakume eta 5 gizon) eta 10 olerki (4 emakume eta 6 gizon) jaso dira.
Parte-hartzaileen %97ak posta elektronikoa erabili du lanak bidaltzeko, eta gainontzekoek posta arruntez bidali edo aurrez aurre entregatu dituzte idatziak.
Gaztelaniazko narratiba lanen epaimahaia Candido Pascual Udal liburutegiko erabiltzaileak, Sheila Esmeralda Naranjo Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutoko irakasleak eta Jose Miguel Fernandez Udal liburutegiko langileak osatu dute. Gaztelaniazko poesia lanen epaimahaian, Candido Pascual eta Sheila Esmeralda Naranjoz gain, Maite Lorenzo poesia tailerraren dinamizatzailea eta Noelia Paz liburutegiko langilea izan dira.
Euskarazko lanen kasuan, narratiba nahiz poesia kategorietan, epaimahaia Fernando Aranberri Ermuko Udaleko Euskara teknikariak, Yurre Ugarte idazleak eta Sara Gago Udal liburutegiko arduradunak osatu dute.
Lotutako albisteak
Saioa euskaraz izango da eta 17:30ean hasiko
Liburutegiak ospatzeko saio berezi bat antolatu du irakurketa tematikoko klub horretan
Liburutegiak antolatuta 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako adingabeentzat