Zirkua, antzerkia, dantza eta musika uztaila ondo hasteko
Uda plazan kultur programa jada lan-erdietara iritsi da, eta aste honetan hasiko dira uztailerako antolatutako emanaldiak. Horrela, ostiraletik igandera bitartean lau ikuskizun berriz gozatzeko aukera izango dugu Orbe Kardinala plazan.
Uztailaren 2an, ostiralean, Chicharron Circo Flamenco konpainiak Sin Ojana antzezlana aurkeztuko du. Chicharronek, dinastia flamenko baten azken katebegiak, familiaren gurdia dakar, non flamenkoaren erritmoak eta konpasak malabareekin fusionatuko dituen. Sin Ojanak “gezurrik gabe” esan nahi du, hipokresiarik gabe. Chicharronek, bere ibilian, askatasunari kantua darama, flamenkoari, emakumeari eta bizitzaren sortzapenei omenaldi bat. Arteen mestizaje horretan, umorea eta drama uztartuko ditu, gure bizitzei orezta batzuk jartzeko. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.
Larunbatean, hilak 3, Trakamatrakak Matraka Ma Non Troppo haurrentzako ikuskizuna eskainiko du 12:30etik aurrera. Musika bihurtutako zaborra: birziklapena eta sormen musikala. Gizarte honek errefusatzen dituen objektuekin egindako musika tresnetan oinarritutako emanaldia izango da: jazz erritmoak dituzten mahukak, didgeridoo bihurtuko diren jogurt potoak, joten tapa duten maionesak, erritmo afrikarrez betetako kuboak, gorputzari itsatsita geratzen den melodia egiten duten hodiak...
Arratsaldean, 19:00etan, Txindurri Dantza eta Txistu Taldea Orbe Kardinala plazako kioskora igoko da, urtebete baino gehiago jende aurrean dantzatu ezinik egon ondoren. Txindurri taldeak dantza erakustaldi tradizionala eskainiko digu bere azken dantzen aukeraketarekin.
Astea amaitzeko, Malevaje musika taldearen bisita izango dugu igandean, hilak 4, 19:00etan. Hirukote hau Madrilgo lokal baten itzalean jaio zen, non Antonio Bartrinak, taldearen arima karismatikoak, tango doinuak kantatzen zituen pasio bitxiz. Gaur egun, Vino amargo proiektua aurkezten du taldeak, non, beren erara, herri musikari omenaldi bat egiten dioten, tangoa ez ezik, abesti frantsesa, balada, flamenkoa... interpretatuz Malevajeren modu pertsonalean.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude