Urko puntara 69 minututan igotzeko gai zara?
Covid-19aren pandemiagatik urtebeteko etenaldia egin ostean, Artarrai Mendi Taldeak Urko 69an ezetz! probaren edizio berria antolatu du. Erronka ezagun honen helburua Patxi plazatik Urko mendiaren tontorrera 69 minututan igotzea da. Zailtasun nagusia da parte-hartzaileek ezin dutela erlojurik, mugikorrik edo denbora neurtzeko beste sistemarik erabili.
Urko 69an ezetz! probaren XI. edizioa larunbat honetan, uztailaren 17an, izango da. 10:00etan irekiko dira izen-emateak Patxi plazan, eta parte-hartzaile bakoitzak euro bat ordaindu beharko du. Horrela, Urkora 69 minututan igotzea lortzen duenak edo goitik gehien hurbiltzen denak izen-emateetan jasotako dirua izango du saria. Tontorrera 69 minutu baino gutxiagoan iristen diren parte-hartzaileak automatikoki deskalifikatuko dira.
Irteera bateratuaren ondoren, Patxi plazatik Urkora igotzeko ibilbidea libreki aukeratu ahal izango du pertsona bakoitzak, eta nahi beste geldialdi egin ahal izango ditu. Igoeraren kontrolgune bakarra puntatik 20 metrora egongo da; hona iritsitakoan, ezin izango da berriro gelditu, eta parte-hartzaile guztiek banan-banan igo beharko dute tontorrera, bertan izen-emate txartela entregatuz.
Segurtasun-neurriak
Maskara derrigorrezkoa da irteeran, azken kontroletik aurrera eta Urko tontorrean. Abeletxe ingurutik aurrera kendu ahal izango da, baldin eta gutxienez 1,50 metroko distantzia mantentzen bada edo familia-unitatea bada.
Ezingo da ez janaririk ez edaririk partekatu, ezta irabazleak lortzen duen xanpaina ere. Parte-hartzaileei zuhur, errespetuz, zuzentasunez eta zintzotasunez jokatzeko eskatzen zaie, guztion onerako.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu