Herriko euskaltegietan euskara ikasteko matrikula epea zabalik
Bi ikastegiek izena emateko epea zabalik mantenduko dute hilaren amaierara arte
Iraila asmo onen eta hainbat ikastaroren hasierarako hilabetea izan ohi da. Euskararen kasuan, udalerrian ditugun bi ikastegiek 2021/2022 ikasturteko ikasleak hartzeko burubelarri lanean dihardute. Udal Euskaltegiak eta Kaltxango AEK zentroak izen-emate eta matrikulazio epea zabalik dute.
Teresa Murga eraikineko bigarren solairuan kokatzen da Udal Euskaltegia, eta urritik ekainera bitartean eskainiko ditu ikastaroak. 16 urtetik gorako pertsonek A1 eta C1 arteko mailetan ikasteko aukera dute, ordutegi eskaintza zabalean eta txandakako taldeetan, klaseetara joateko arazorik izan ez dezaten. Talde bakoitzak astean bi orduko hiru klase jasoko ditu, eta gainera, maiatzeko eta urriko azterketa ofizialetarako prestakuntza izango dute.
Langabezian daudenek eta lehen mailako ikasleek matrikularen prezio erdia soilik ordainduko dute, eta ikasle guztiek diru-laguntza ezberdinak jasotzeko aukera izango dute. Ikasleak maila bat gainditzen badu, matrikula doan izango da.
Udal Euskaltegiko ikastaroetan izena emateko epea irailaren 24an, ostiralean, amaituko da. Matrikula osatzeko, interesdunek Euskaltegiaren bulegoetara jo dezakete astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara -ostiral arratsaldeetan izan ezik-. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943 17 09 25 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat euskaltegia@udalermua.net helbide elektronikora. Aurtengo kanpainaren leloa honakoa da: "Zabaldu aukerak” eta sareak bideo dibulgatibo bat ere prestatu du, beherako uzten dizueguna.
Bestalde, Zearkalea kaleko 16. zenbakian kokatzen den Kaltxango AEK zentroak ere zabaldu du 2021/2022 ikasturte barrirako izena emateko epea. Ikasturte berrirako hautatu duen lema ondokoa da: ‘Ikasi euskara, bidelagun onenarekin’
Bertan, urritik ekainera bitartean maila guztietako klaseak eskainiko dira goizez nahiz arratsaldez. Euskara ikasteko aukera ezberdinak ditu aukeran, gainera: homologatutako tituluak eskuratzeko ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak eta Berbalagun bezalako ekimenak, besteak beste.
AEK Kaltxangok ere %100erainoko diru-laguntzak eskaintzen ditu ikasturteko gastuei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren eta gure Udalaren eskutik.
Matrikulazio epea zabalik dago jada, eta izena emateko, interesa duten pertsonek astelehenetik ostiralera bulegoa zabalik dagoen ordutegian jo beharko dute ikastegira.
AEK Kaltxangoko ikastaroen inguruko informazio gehiago jasotzeko, deitu 943 17 19 40 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat kaltxango@aek.eus helbide elektronikora.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago