Jai giroa nagusi Bahamontes lasterketaren 25. urteurrenean
Federico Martin Bahamontes lasterketa zikloturista klasikoak mende laurdena bete du azken edizio koloretsu eta parte-hartzaile honetan. 240 lagunek hartu dute parte igande honetan, irailaren 12an, Ermuko Gaztela Mantxa Kultur Etxeko Kirol Elkarteak antolatutako jardunaldian.
Lasterketaren azken edizioan bi ibilbide prestatu dira parte-hartzaileek aukeratu ahal izateko: alde batetik, 90 kilometroko ibilbide laburra; eta bestetik, ibilbide luzea, 121 kilometrokoa, 2.213 metroko desnibel positiboarekin eta 546 metroko gehieneko altuerarekin.
Etapa motza aukeratu zuten txirrindulariak San Pelaio plazatik Eibarrera eta Deba, Mutriku, Ondarroa eta Lekeitioko kostaldera abiat ziren, Ugaran eta Gizaburuagako gainetatik Aulesti, Bolibar, Iruzubieta, Markina eta Etxebarriarantz jarraitzeko. Ermura iritsi aurretik, Ixua mendatea igo zuten, lehen mailakoa, Eibarrera jaisteko eta, saihesbidetik, gure udalerrira.
Bestalde, ibilbide luzeko 121 kilometroak egitea aukeratu zuten kirolariek Areitio gainari aurre egin behar izan zioten (3. maila) eta ondoren Zaldibar, Berriz, Leberio (Matiena), Trabakua (3. maila) eta azkenik, Ermura joan behar izan zuten.
San Pelaio plazara iritsi zirenean, ogitartekoak, edariak eta opariak banatu zituzten parte-hartzaileen artean. Era berean, Juan Carlos Abascal alkateak eta Beatriz Gamiz Kultura zinegotziak plaka oroigarri bat eman zioten antolakuntzari, egindako ahaleginagatik eta lan onagatik.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da